Orioko musikarien belaunaldi berria

Andrea Zipitria 2023ko ots. 23a, 11:10
Ane Blazquez eta Martin Dayli Orioko Danbolin musika eskolako piano gelan

Ane Blazquez eta Martin Daly gaztetatik hasi dira pianoa ikasten. Martxoan, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan parte hartuko dute, eta beroketa gisa, larunbatean kontzertua emango dute herrian.

Larunbatean kontzertu berezia izango da Orion. Izan ere, martxoaren 17an eta 18an Gasteizen egingo den Euskadiko Musikari Gazteen XVI. Lehiaketan parte hartuko duten bost gaztek kontzertua emango dute Kultur Etxean, 18:00etan. Tartean, herriko bi piano jotzaile gazte izango dira, eta, beraz, bertaratzen diren herritarrek horiek zuzenean entzuteko aukera izango dute.

Orioko Danbolin musika eskolako ikasleak dira Martin Daly eta Ane Blazquez, eta tekladun instrumentuen kategorian, bakarlari moduan parte hartuko dute. Biak ala biak, Orion ez ezik, Donostiako Francisco Escudero musika kontserbatorioan ari dira ikasketak egiten. Dalyk eskusoinua eta pianoa jotzen ditu, eta Blazquez, berriz, pianoan espezializatu da, baina, bigarren instrumentu gisa jotzen du organoa. 
Lehiaketarako hilabete baten faltan, "urduri" daude bi oriotarrak. Dalyk bigarren aldiz parte hartuko du. "Pasa den urtean akordeoiarekin izan nintzen, eta aurten lehen aldiz izango naiz pianoarekin", azaldu du. Blazquezek lehenengo aldia izango du, baina "ondo prestatuta" doa, eta horrek "segurtasuna" ematen dio piano jotzaile gazteari. Zentzu horretan, larunbatean eskainiko duten kontzertuak beroketa gisa balioko die.

Hiru pieza interpretatzeko

Musikak ordu askoz entseatu beharra eskatzen du, eta are gehiago txapelketa bat iristear denean. Biek ala biek egunero jotzen dute pianoa etxean, eta Dalyk aitortu du askotan "lau orduz jarraian" aritzen dela horretan; gogotsu baldin bada, noski.

B kategorian lehiatuko dira biak Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan, eta estilo ezberdinetako hiru pieza interpretatuko dituzte. Blazquezek Bachen Inbentzioa 3 ahotsetara, Beethovenen Sonata eta Chopinen Vals handi distiratsua piezak joko ditu; Dalyk, aldiz, Bachen Preludioa eta Fuga, Beethovenen Sonata eta Chopinen Fantaosoe-Impromto lanak taularatuko ditu.

"Gustuko" dituzte obrak, baina guztiek beren "zailtasuna" dutela adierazi dute. Hala ere, bi artistek ziurtatu dutenez, Chopin ari zaie buruhauste gehien ematen; pieza horiek dira jotzeko "zailenak", beren iritziz.

Kontuak kontu, esaera zaharrak dioen bezala, gustuko lekuan, aldaparik ez da izaten, eta bi oriotar gazteek garbi dute pianoarekin jarraitu nahi dutela. Blazquezek zein Dalyk argitu dute goi mailako ikasketak egingo dituztela, oraingoak amaitu ondoren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!