Orio Orialkiko neskak bigarren eta mutilak hirugarren Hondarribiko Traineru Jaitsieran

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 26a, 14:45
Orio Orialkiko mutilak atzo, Hondarribin.(Orio AE)

Emakumezkoetan Donostiarra eta gizonezkoetan Hondarribia nagusitu ziren atzoko entrenamendu test proban.

Eskualdeko hainbat ontzi lehiatu zen atzo arratsaldean Hondarribiko XXIII. Traineru jaitsiera. erlojupeko formatuan jokatu zen entrenamendu test izaerako estropada, eta guztira hogei ontzik hartu zuten parte senior emakumeen eta gizonen mailan, baina baita beteranoen kategorian.

Emakumezkoetan Donostiarra nagusitu zen, eta bigarren Orio sailkatu zen 20 segundora; Donostia Arraun hirugarren izan zen oriotarrengandik minutu pasatxora. Zumaia eta Zarautz zazpigarren eta zortzigarren izan ziren, hurrenez hurren; minutu eta erdi geroago helmugaratu ziren.

Gizonezkoei dagokionez, Orioko ontzia izan zen eskualdekoen artean ondoen kokatu zena sailkapenean. Hirugarrena izan zen garaile izan zen Hondarribiaren eta bigarren bukatu zuen Donostiarraren atzetik; irabazlearengatik 19 segundora iritsi zen Orio. Getariak erakustaldi dotorea eman zuen, eta seigarren postua bereganatu zuen, 50 segundora sailkatuta.  Orioko bigarren ontzia 11.a izan zen, Zumaia 13.a eta Zarautz 15.a. Hauek jada minutu batetik gorako aldea galduta iritsi ziren.

Beteranoetan eskualdeko bi ontzi izan zire lehian: Badok 13 bigarren izan zen eta Zumaia bosgarren. Estropada Fortunak irabazi zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!