Euskotren liga berriak, ilunetik gehiago argitik baino

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 2a, 12:00
Orioko trainerua uretaratzen, iaz, Arraunetxen. (Gorka Izagirre)

Aurten lehen aldiz emakumezkoen zortzi traineru lehiatuko dira bi txandatan, 
eta horren inguruko iritzia eman dute Orioko, Zumaiako eta Zarauzko klubek. Nadeth Agirre patroiak, esaterako, oso argi du iritzia: "Oinarria finkatu gabe eman da pausoa".

Negua amaitzear da, eta arraun klubak buru-belarri ari dira lanean denboraldi berria prestatzeko. Emakumezkoen arraunari dagokionez, oso berezia izango da aurtengo uda, Euskotren ligan lau traineru aritzetik zortzi aritzera pasatuko direlako, eta ondorioz, txanda bakarrean jokatu beharrean, ohorezko txanda eta bigarren txanda egongo direlako. Berritasun horri buruz aritu da hedabide hau emakumezkoen traineruak dituzten eskualdeko hiru klubekin: OAE Orio Arraunketa Elkartearekin, Zumaiako Telmo Deun arraun elkartearekin eta ZAE Zarauzko Arraun Elkartearekin.

Oriotarrena izango da denboraldi honetan Euskotren ligan lehiatuko den eskualdeko traineru bakarra, eta Nadeth Agirre patroi beteranoak zapore gazi-gozoa du TKE ligako antolatzaileek egin dituzten aldaketen aurrean. "Pertsonalki, uste dut zortzi traineruko liga osatzea baino lehenagoko lanak bazeudela egiteko", esan du argi eta garbi. "Kontra-kontra ez nago, baina ez zait iruditzen beharrezko pausoa zenik". 

"Oinarria finkatu gabe eman da pausoa, lehenagoko lanak bazeuden" (Nadeth Agirre, OAE)



Iritzi berekoa da ZAEko Maitane Urruzola arraunlaria. Nabarmendu du, hori bai, berea iritzi pertsonala dela, eta ez duela zertan klubaren berdina izan. "Berez, zoragarria da ikustea hiru traineru pare-parean dabiltzala, zortzi traineruko liga bat prestatzeko modua dagoela eta bi liga osatzen direla, alajaina; lehen ez zen halako lehiakortasunik. Bestalde, ordea, erabaki horrekin ikusgarritasun bila ari direla dirudi, berdintasun mota zehatz bat lortu nahian. Izan ere, ezin dugu ahaztu Euskotren liga TKE ligako –hau da, Eusko Label liga– gonbidatu bat baino ez dela. Beraz, non gelditzen da berdintasuna? Berdintasuna al da zortzi traineru jartzea, derrigorrezkoa denean galiziarren bi ontzi bertan egotea?", hausnartu du. "Ligan zazpigarren eta zortzigarren galiziarrak gelditzen badira, behetik gora igo nahi duenak seigarrenaren kontra jokatu behar du? Berdintasuna non dago?", iritzi dio. 


Galiziarrak gakoa


Urruzolak esan bezala, Galiziako bi talde sartuko dira automatikoki hemendik aurrera Euskotren ligan, eta horri buruz antzeko iritzia dute hiru klubetako ordezkariek. Agirrek, adibidez, ez daki zer maila emango duten galiziarrek, eta kezka eragiten dio horrek. Baita Urruzolari ere: "Euskotrenen beti bi traineru galiziar egoteak eragin egiten dio beheko ligari ere, ETE ligari, eta helburua zortziko talde lehiakorra egotea den arren, baldintzatuta dago hori, berdin duelako bi talde galiziar horiek onak ala txarrak izan. Non gelditzen da lehiakortasuna?".

"Non gelditzen da Euskotren ligako lehiakortasuna, derrigorrez bi talde galiziar sartu behar badira?" (Maitane Urruzola, ZAE)



Iritzi berekoa da Telmo Deuneko Luis Mari Goikoetxea: "Arazoa dago hor. Derrigor, galiziarren bi taldek egon behar dute goian, eta horrek esan nahi du bi postu gutxiago izango direla gainerakoentzat. Haiek han badaude, besteok ez daukagu gora joaterik", nabarmendu du.  

Agirrek, bestalde, azaldu du estropada jardunaldien iraupena asko luzatuko dela emakumeena zortzi traineruko liga izanda, eta alde txarrak ikusten dizkio horri: "Nesken ligarentzat eta mutilen ligarentzat onuragarria izango al da arraun jardunaldi batean, denera, bost txanda jokatzea? Ez dut uste inork osorik ikusiko dituenik estropadak 11:00etatik 13:00etara arte". Agirrek onartzen du "pauso bat" dela emakumearen arraunarentzat, baina oinarrian nabari du hutsunea: "Oraindik ez dago oinarri finko bat emakumezkoen arraunean, ez behintzat zortzi traineru ateratzeko moduan. Oinarria finkatu gabe ari gara pausoa ematen". 

Gainerakoan, berriz, Goikoetxea zumaiarra Euskotren ligako aldaketa horien aldekoa da, zalantzarik gabe: "Hiruzpalau urtez aritu gara hau eskatzen, eta halako batean lortu dugu. Izan ere, pizgarririk ez dauka lau talde bakarrik aritzeak, txanda irabazi duenak irabazi duelako bandera. Bi txanda egonda, berriz, inoiz ezin da jakin zer gertatuko den", kontatu du. 

"Arazoa hor dago; galiziarrak han badaude, besteok ez daukagu gora joaterik" (Luis Mari Goikoetxea, Telmo Deun)



Kritikak ere egin ditu Goikoetxeak, ordea. Haren ustez, TKE liga antolatzen duen taldea "ez da batere demokratikoa erabakiak hartzerakoan", eta esaterako, nesken arraunari dagozkien erabakiak ere ez dituzte nesken traineruak dituzten klubek bakarrik hartzen, denek baizik. Oro har, berdintasunaren alde "gutxiegi" egiten dela uste du Telmo Deuneko ordezkariak. "Gu jo eta su ari gara borrokan berdintasunaren alde. Adibidez, arraunlari bat klub batetik bestera aldatzen denean, jatorrizko klubari zenbateko bat ordaintzen zaio, eta orain arte, mutilengatik ordaintzen zenaren erdia ordaintzen zen neskengatik. Lortu dugu hori berdintzea". 


Urteko helburuak, argi


Kontuak kontu, ezarritako baldintzetan jokatu beharko dituzte estropadak taldeek, eta horiek osatuta dituzte klubek. Orion, esaterako, iaztik baja bakarra izan dute, eta hainbat arraunlari jaso dituzte. "Talde oso zabala dugu, eta neguko lanetan murgilduta gabiltza, denei uretan ibiltzeko aukera emanez", azaldu du Agirrek. Orain arteko estropadei buruzko balantzea ere egin du: "Donostiarra koska bat gorago dagoela ikusi dugu. Gu ez gaitu gure momentu onenean harrapatu, eta bloke aldetik eta erritmo aldetik nabaritzen da aldea; gu, adibidez, ez gara alderdi horiek lantzen ari oraindik".

Dena den, helburua argia da: "Iazko maila ematen saiatuko gara, eta saltotxo bat egiten, txanda bakarretik bi izatera pasatuko garenez, eta txanda batetik bestera aldaketak egon daitezkeenez, denok adi egon beharko dugulako; iaz ez zeuden faktoreak sartuko dira, bigarren txandakoek bandera etxeratzeko aukerak eduki ditzaketelako", nabarmendu du. 

Goikoetxeak uste du Zumaia "nahiko ondo" ibiliko dela aurten ETE ligan. "Kuadrilla ona dugu, eta aurreko mutur samarrean ibiliko garela uste dut". Klubaren helburua "gora igotzea" den arren, Goikoetxeak aitortu du "kostatu" egiten dela, are gehiago bi postu galiziarrentzat izanda. Taldeak kide berri batzuk hartu eta beste batzuk galdu dituen arren, oro har iazko taldea mantetzen dela azaldu du Goikoetxeak; hemezortzi lagun inguru izango dira. 

ZAEn, berriz, baja asko izan direla dio Urruzolak. Horregatik, justu antzera ibiliko dira trainerua ateratzeko. Dena den, argi dituzte helburuak: "Uste dugu gure aurkari zuzenak aurten Zumaia eta Kaiku izango direla, eta ez dakit asko amestea den ala ez, baina nik neuk helburu lorgarria ikusten dut banderaren bat ekartzea etxera". Goialdean ibiltzea espero du, beraz: "Hiru urteko ibilbidea du taldeak, eta uste dut gai garela hor lehian egoteko". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!