Piliku plazan amaitu da Martxoaren 8ko manifestazioa, laster Emakume Etxea egongo den eraikinaren aurrean

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 8a, 20:07

Berezia izan da Emakumeen Nazioarteko Eguna aurten Orion. Izan ere, aurreneko aldiz Emakumeen Etxea izango du herriak, eta hantxe amaitu dute gaurko aldarrikapen protesta ehunka herritarrek. Manifestazio jendetsua eta zaratatsua egin dute zaintzaren garrantzia aldarrikatuz eta haren inguruko injustiziak salatuz.

Egun argiz abiatu da Martxoaren 8ko manifestazioa Orioko plazatik, eta ilunpetan amaitu, Alde Zaharrean, Piliku plazan. Denon bizitzak erdigunean leloa zeukan pankartaren atzetik ehunka gizon-emakume abiatu dira kalez kale, eta batukadaren bultzadarekin, protesta eta aldarrikapen zaratatsua egin dute.

Emakumeen Mahaiak antolatutako manifestazioaren amaieran hainbat emakumek hartu du hitza; bertakoek zein kanpotik etorritakoek, helduek zein gaztetxoek. Frantsesez entzun da aurreneko esaldia, gaztelaniaz egin dute tarteka batzuek, euskaraz entzun dira aldarri gehienak... Guztiak zaintzaren ingurukoak izan dira. Zaintzaren garrantzia azpimarratzeko batetik, eta haren inguruan hainbat emakumek jasaten duen injustizia salatzeko, bestetik. "Zaintza lanak bizitzeko ezinbestekoak" direla gogorarazi dute, baita ezin direla ikusezin bilakatu eta merktanlizizatu ere, besteak beste. "Erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen dituzte etxeko langileek lan-baldintza negargarriekin", azpimarratu dute.

Antolatzaileek argi azaldu dituzte beren helburuak: "Zaintzak irauli nahi ditugu dena aldatzeko. Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatu behar dugu. Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dugu. Pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso-baldintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde. Mendekotasun egoeretatik baino askoz harago doa".

Alde Zaharreko iluntasunak babestuta, herriko aurreneko Emakume Etxea egongo den eraikinaren aurrean bilduta, irrintziek jarri diete amaiera gaurko egunari. Hain zuzen, hitzartzearen amaieran herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte Emakumeen Etxea zabaltzen dutenean horrek eskainiko duen espaziora gerturatzera eta berena sentitzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!