IRITZIA

Oribarzarko hondartza leheneratzea, kontuak argituz

EH Bildu, Orain plataforma eta PSE-EE 2023ko mar. 19a, 10:29
Oribarzar hondartza. (Orioko EH Bildu, PSE-EE eta Orain)

Orioko EH Bilduk, PSE-EEk eta Orain plataformak ohar bateratua argitaratu dute, EAJk Oribarzako hondartza berritzeko proiektuaren inguruan esandakoaren harira.

Orioko EAJk kaleratu berri duen prentsa-oharra dela eta («EAJk Oribarzarko hondartza berritzeko 9 milioi euro lortu ditu», KARKARA 2023/03/13), EH Bildu Oriok, Orain Plataformak eta PSE-EEk kontu batzuk argitzeko premia sentitu dugu. EAJk zabaldu duen oharrak zehaztasun asko eta oso garrantzitsuak ezkutatzen ditu. Ez da egia «Oribarzarko hondartza berritzeko 9 milioi euro» lortu dituenik, diru horietatik gehienak Txurruka eraitsi eta aterpetxe berri bat egiteko direlako. Aterpetxea, gainera, ez da zertan Oribarzarren edo Orion eraiki behar. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakiko du non kokatu aterpetxe berria eta baliteke Gipuzkoako beste edozein herritan eraikitzea.

Nolanahi ere, diru-kopurua baino askoz garrantzitsuagoa da Oribarzarren zer egin nahi den, eta horretaz EAJk ez du azalpenik ematen. EAJk kudeaketa oso txarra egin du gai honen inguruan. Gauzak nola joan diren ikusi besterik ez dago, herritar bakoitzak bere ondorioak atera ditzan:

2020ko otsailaren 18an, Txurruka pareko errepidearen zati bat erdi erorita zegoela eta, bilera bat egin zuten Oribarzarren eskumena duten erakunde guztiek, Orioko Udalak eskatuta. Bilera hartan, Kosta Zerbitzuak argi utzi zuen legez kanpo zeudela bai aipatutako errepide-zatia eta bai Txurruka aterpetxea; eta, hortaz, bi aukera zeudela: Portu Zuzendaritzak errepidea legeztatu eta konpontzea edo hondartza lehengoratzea, horretarako aterpetxea eta errepidea eraitsiz.

2020ko azaroaren 27an, prentsa bidez jakin genuen EAJk 1,9 milioi lortu zituela «Oribazar hondartza eraberritzeko». Aurrez ez zioten gaiari buruzko informaziorik eman, ez Udalari eta ezta planaren eragina jasango zuten herriko beste erakunde eta herritarrei ere.

2021eko urtarrilean Kosta Zerbitzuak Udalari galdetu zion ea zertarako erabiliko ziren diru horiek, eta EAJk esan zuen hondartzako lohiak kentzeko 2004an prestatutako aurreproiektu baterako zirela (proiektu hark ibaian bi dike egitea aurreikusten zuen, Oribarzarko hondartzaren albo banatan). Kosta Zerbitzuak erantzun zuen aurreproiektu hori oso zaharkituta zegoela eta, beraz, aterpetxea eta errepidea eraisteko proiektua lizitaziora aterako zuela erabaki zuen.

2021eko martxoaren 26ko Hirigintza-batzordean, EAJko zinegotziak hau esan zuen: «Aterpetxea mantendu egingo nuke; benetako astakeria iruditzen zait aterpetxea eraistea».

2021eko urrian, Kosta Zerbitzuak, ikusita EAJk kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak ez zuela pausorik eman Txurruka pareko errepidea legeztatzeko, lizitaziora atera zuen Oribarzar lehengoratzeko proiektua, aurrez esana zuen bezala.

2023ko martxoaren 3an, Kosta Zerbitzuak Oribarzarrerako proiektua bidali dio Udalari, eta denon eskuragarri dago bulego teknikoan. Proiektuak ez du alternatibarik eskaintzen eta proposatzen du Txurruka aterpetxea eta haren aurreko errepide-zatia eraistea, ingurua hondarrez betetzea, aparkatzeko gunea desagertzea, eta hondartzaren bi aldeetan dike bana eraikitzea. Orain, zabalik dago epea, proiektuari alegazioak aurkezteko.

2023ko martxoaren 14a arte bi Hirigintza-batzorde egin dira Udalean, gaia aztertzeko, eta hau erabaki da: Kosta Zerbitzuari eskatzea alegazioak aurkezteko epea luzatzeko, Oribarzarreko proiektua merezi duen patxadaz aztertzeko, oriotarren iritziak ezagutzeko eta bi dike horiek izango lituzketen ondorioak aditu gehiagorekin kontrastatzeko.

Laburbilduz: Oribarzar berreskuratzeko lortutako dirua 1,9 milioikoa da; eta gainontzekoa, aterpetxe zaharra eraitsi eta berria eraikitzeko.

EAJk egin duen kudeaketa txarraren ondorioz, arazo bat sortu dio herriari: Kofradia ingurura iristeko errepidea izatea alegazioen menpe geratu da. Horrez gain, Txurruka aterpetxea galduko du herriak eta Aldundiaren Gazteria departamentuaren menpe geratuko da aterpetxe berria non egin eta nolakoa. Orion egitea aukeratuko balu, oso epe motzean erabaki beharko luke Udalak haren kokapena, eta beharbada, beste baliabide batzuk sortzeko aukera galduko genuke.
Azkenik, herrian ditugun aurrekariak kontuan hartuta, errioan beste bi dike sortzeak zalantza handiak sortzen dizkigu eta hori ere alegazioei ematen zaien erantzunaren menpe geratuko da.

Dirurik gabe, ezin dira proiektuak aurrera atera, baina, proiekturik gabe, dirua arazo bihurtzen da, irtenbide izateko partez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!