ELKARRIZKETA

Aratz Oliden: "Sasoi betean sentitzen naiz, eta emaitzak laguntzen ari zaizkit"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mar. 29a, 14:10
Aratz Oliden Orioko pilotalekuan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Aratz Oliden (Orio, 2000) pilotari oriotarrak taldekako Espainiako Esku Pilota Txapelketa irabazi berri du; orain arte egindako ibilbidea eta etorkizuneko asmoak izan ditu hizpide.

Espainiako Esku Pilota Txapelketa irabazi duzu. Zure ibilbideko lorpenik garrantzitsuena izan al da?

Bai, Diario Vasco txapelketarekin batera, nire ibilbideko lorpen garrantzitsuena dela uste dut.  Beste txapelketa bat bezala hartu nuen hasieratik; ahal nuen lanik txukunena egiten saiatu nintzen. Irabaztea lortu dut, baina ez dut horretan gelditu nahi, eta aurrera begira jarri naiz. Hemendik aurrerako txapelketetan Espainiako lehian bezala jokatzea da nire helburua.

Afizionatuen kategorian oso maila ona ematen ari zara. Pilotari profesionala izatea al da zure helburua?

Pilotari profesionala izatea ez da nire helburua; ez dut segundo bat bera ere galtzen horretan pentsatzen. Irakasle ikasketak egiten ari naiz unibertsitatean, eta arlo horretan ikusten dut nire etorkizuna. Egia da pilotari guztion ametsa dela egunen batean profesionaletara iristea, batez ere haurrak edo gaztetxoak garenean, baina horretan geratzen da guztia. Oso gustura nago afizionatuen mailan, eta ahal dudan lanik txukunena egiten saiatuko naiz.

Afizionatuen maila jarraitzen al dute pilotazaleek?

Oso pilotazaleak direnek jarraitzen dute, bai, baina ez du zabalkunde handirik. Hala ere, aitortu behar dut afizionatuen mailari gero eta oihartzun handiagoa emateko ahalegina egiten ari direla. Orain, esaterako, partidak Youtube bidez ematen dituzte, eta irratsaio batzuk ere sortu dira horren inguruan. Ez da, noski, profesionalek duten adinako hedapena, horien partidak asteburuetan ETBn botatzen dituztelako eta egunkarietan horien kronikak argitaratzen direlako, baina hasi dira pixkanaka gure mailari oihartzuna ematen.

Maila horretan aritzeko, ordea, asko entrenatu behar al da?

Bai, asko entrenatu behar da, eta ez da batere erraza afizionatuen mailan goi mailan aritzea. Gorabeherak izaten dira. 7 urte nituenean hasi nintzen Añorgako [Gipuzkoa] klubean jokatzen, baina duela bizpahiru urte ohartu nintzen aldaketa bat behar nuela, eta Lazkaoko [Gipuzkoa] klubean entrenatzeari ekin nion. Lazkaoko taldera iritsi nintzenean, ez nengoen nire unerik onenean. Ez nuen ematen nahi nuen maila, eta ez nekien zergatik. Lazkaoko klubeko entrenatzaile Asier Mintegik eta Jabi Gelbentzuk nire maila berreskuratzen eta hobetzen lagundu didate.

Atzera begiratzen duzunean, ikusten al duzu zerk oztopatzen zizun zure maila berreskuratzea?

Faktore askok bat egin zutela iruditzen zait. 2017an Diario Vasco txapelketa irabaztea lorpen garrantzitsua izan zen niretzat, baina sentitzen nuen aurrera egin ezinik nenbilela, ez bainuen txapelketa hartan emandako maila berreskuratzen. Gainera, pandemiak ez zuen lagundu: COVID-19a zela eta, entrenatu ezinik egon nintzen denbora luzez. Egoera hartan, aldaketa behar nuela sentitu nuen. Uste dut Lazkaora joatea hartu dudan erabakirik onena dela. Han oso gustura nago; talde eta entrenatzaile bikainak ditut, eta hobetzen jarraitzeko aukera dut, gainera.

Soriako Urbion taldearekin jokatu duzu Espainiako Txapelketa. Talde batek fitxatu zaituen lehen aldia al da?

Bai, pozgarria izan zen niretzat Urbionen proposamena jasotzea. Udan, herriko festetarako pilota partidak antolatzen dituzte Espainiako hainbat lurraldetan. Urbion klubari atzelari bat falta zitzaion partida batzuetarako, eta jakin zuten ni ondo nenbilela. Hasieran, partida batzuk jokatzeko deitu zidaten; gustatu zitzaien nire jokoa, eta haiekin jokatu nuen udan zehar. Abenduan, berriz, Sorian txapelketa bat antolatu zuten, eta irabaztea lortu nuen. Azkenean, festetako partidetan egindako lanari esker eta txapelketa irabazita, Espainiako Txapelketa jokatzea proposatu zidaten. Niretzat sekulakoa izan zen lehia jokatzeko aukeratua izatea, baina presiorik gabe aritu nintzen, eta oso gustura nago txapela janztea lortu genuelako.

Taldearen deia jaso aurretik, ba al zenekien Soria aldean pilotarako zaletasuna zegoela?

Bai, banekien Soria eta Burgos [Espainia] aldean pilota partidak antolatzen dituztela, baina normala da mundu horretan ez dabilenari arraroa egitea. Udan, jendeak partidak non ditudan galdetu eta Sorian ditudala erantzuten diedanean, harrituta geratzen dira gehienak. Inguru horretan zaletasuna badago, baina jarraitzaile gehienak adinekoak dira. Esku pilota ez da Euskal Herrian bezain ezaguna han, eta zaindu beharrekoa da hori, pixkanaka desagertzen ari delako. Han pilotaririk ez dago, eta horregatik etortzen dira Euskal Herrira eta Nafarroara pilotari bila.

Herri kirolekin lotura estua duen familia batetik zatoz. Etxetik al datorkizu pilotarako zaletasuna?

Neure buruari galdetzen diot nondik jaso dudan pilotarako zaletasuna, familian ez baitago pilotan ibili izan den inor; beste herri kirol batzuetan, bai, baina pilotan ez. Orioko Herri Ikastolako paretan hasi nintzen pilotan jokatzen, amarekin eta aitarekin. Haurra nintzenetik gustatu izan zait kirol hori, eta 7 urte nituenean, Añorgako klubera joan nintzen probatzera, orduan Orion ez baitzegoen talderik. Jolas moduan hartu nuen, eta, azkenean, zaletasun bihurtu da. Egia esan, hasieratik nahiko argi izan nuen esku pilota zela gustatzen zitzaidana. Lagunak futbolean eta arraunean ikusten banituen ere, nik nahiago nuen pilota. Harrapatu egin ninduen.

Gaur egun, aitzitik, haurrek herriko taldean joka dezakete pilotan.

Bai, niretzat pozgarria da frontoia beteta ikustea. Gero eta haur gehiago ari dira pilotara gerturatzen, eta hori albiste pozgarria iruditzen zait.

Etorkizunari begira, zer erronka jarri dizkiozu zure buruari?

Nire hurrengo erronka Mallabiko [Bizkaia] Biharko Izarrak txapelketa da. Apirilaren 5ean hasiko da, eta txapelketa berezia da. Izan ere, multzoka jokatzen da, eta bikoteak txandatuz joaten dira. Hau da, lehen jardunaldia  pilotari batekin joka dezaket, eta hurrengoan nire laguna zena aurkari izan daiteke. Txapelketaren antolatzaileek aukeratu dituzte pilotariak, zortzina atzelari eta aurrelari. Partidaz partida ahal dudan lanik txukunena egiten saiatuko naiz; nire sentipenetan jarriko dut arreta, eta lan ona egitea espero dut.

Oso motibatuta zaudela igartzen da zure hitzetan.

Bai, halaxe nago, baina ez da Espainiako Txapelketa irabazi dudalako bakarrik. Sasoi betean sentitzen naiz, eta denboraldia hasi genuenetik, emaitzak ere laguntzen ari zaizkit.

Partidetan zure familia gertu izaten duzu. Horien babesa garrantzitsua izan al da zure ibilbidean zehar?

Ezinbestekoa izan dela esango nuke, euren laguntzarik gabe ez nintzelako egun nagoen lekuraino iritsiko. Beti izan ditut alboan, momentu onetan zein txarretan, baina batez ere, azken horietan lagundu eta babestu naute. Niretzat euskarri garrantzitsua dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!