"Oriotarren bizitza hobetzeko" lanean jarraitu nahi du Ana Priedek agintaldi berrian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 1a, 13:30
Ana Priede. (PSE-EE)

Ana Priede izango da PSE-EEko alkategaia datozen udal hauteskundeetan, eta "Oriorentzat ona eta beharrezkoa den guztiaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du".

Gipuzkoako PSE-EEk ohar bidez jakinarazi du Ana Priede izango dela Orioko alkategai sozialista maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Oriotarrak azaldu duenez, "ilusioz beteta" aurkeztuko da hirugarren aldiz hauteskundeetara, bere herriko zinegotzia izatea "pribilegioa eta ohore handia" dela sentitzen duelako.

Priedek adierazi duenez, hauteskunde hauetan "Orioko sozialistak ez dira aurkeztuko botoak lortzera bideratutako hauteskunde-promesen zerrenda batekin", uste duelako Oriok ez duela "merezi" alderdi politikoak “itxurakeria politikoan aritzea”. Ildo horretan, Orioko PSE-EE alderdiak “Oriorentzat ona eta beharrezkoa den guztiaren alde lan egiteko eta hori guztia bultzatzeko konpromisoa hartu du".

Etorkizunaz aritzeaz gain, atzera ere begiratu du Priedek komunikabideei bidalitako oharrean, eta aitortu du agintaldi “zaila” izan dela, izurriteak eta Ukrainako gerraren “zorigaiztoko” ondorioek baldintzatu dutelako. Testuinguru horretan, Orioko PSE-EEk beti “arduraz” jokatu duela nabarmendu du Priedek. "Oso zailak izan diren lau urte hauetan asmoak eta helburuak aldatu egin dira. Izan ere, oriotarren segurtasuna zaintzea izan da garrantzitsuena, eta sozialistok bat egin dugu Orion bizi diren eta Oriori zentzua ematen dioten herritarren ahaleginarekin, lanarekin eta haien bizitzaren hobekuntzarekin”.

Priedek orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi dio beste agintaldi batez, “Orio hobetzen jarraituko dugu guztion artean, baina, horretarako, oso garrantzitsua da eguneroko lana eta adostasunak lortzea, Oriok behar duena gauzatzen jarraitzeko”, adierazi du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!