Bideoa: Matraka ikusgai jarri dute gaur eguerdian herriko plazan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 6a, 16:14

Ohiturari jarraituz, gaur goizaldean herria zeharkatuko du matrakaren hotsak. Dena dela, oriotarrek eta bisitariek matraka bertatik bertara ezagutu dezaten, eguerdian plazan jarri dute ikusgai. Haur mordoa gerturatu da egurrezko tramankulua probatzera.

Gaur goizaldean matrakak oriotar asko esnatu egingo ditu. Inguruko herri gehienetan ohitura galduta badago ere, Orion bizirik eutsi zaio Ostiral Santuan herritarrei matraka erabilita deitzeari.  Matraka Taldeko kideek azaldu dutenez, "Ostegun Santutik Larunbat Santura bitartean kanpaiak isildu egiten ziren, eta elizaren ohitura zen kanpaiak mutu zeudenean herritarrei deitzeko Matraka –soinu lehorra– erabiltzea". Aurten ere, 03:00etan abiatuko du ibilbidea Matraka Taldeak eta 05:00etan bukatuko dute, herria zeharkatu ondoren.

Herrian ohitura bada ere, aitortu dute bizilagun berriek ez dutela matraka ezagutzen, eta "zenbaitetan irainak eta ur baldekadak" ere jaso izan dituztela, "batzuei ez zaie gustatzen goizaldean matrakaren soinu lehorrarekin esnatzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!