Orioko bidegorri sarea hobetzeko proposamenak egin ditu Kalapie elkarteak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko api. 9a, 11:37
Hondartza-bideko bidegorria pasa den urtean bukatu zuten eta herritar askok erabiltzen dute. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Besteak beste, honako hobekuntzak proposatu ditu Kalapie elkarteak: bizikleta-sarea eskolekin eta gainontzeko ekipamendueekin lotzea; ibaiaren bi aldeen arteko lotura egitea; alferrikako itzuliak ekiditea, eta zerbitzu zuzenagoa ematea bizitegi-guneei, Estropalari kaleari edo Anibarko Portua auzoari, esaterako.

Abenduaren 22an eman zitzaion hasierako onespena Orioko Udalaren osoko bilkuran Orioko Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriari, eta bertan Orioko Udalak jaso ditu herrian datozen 15 urteetan egingo diren hirigintzako esku-hartze esanguratsuenak. Lehen onarpenaren ondoren dokumentua jendaurrean egon zen, herritarrek eta eragileek beren proposamenak egiteko aukera izan zezaten. Hala, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak jakinarazi du hobekuntza batzuk proposatu dizkiola Orioko Udalari. "HAPOa garrantzitsua da udalerriko mugikortasunaren etorkizuna definitzen duelako. Dokumentua aztertu ondoren, modu positiboan baloratu dugu Orioko plana bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez. Hala ere, hobetzeko puntu batzuk aurkitu ditugu, eta udalari helarazi dizkiogu", azaldu dute elkartetik.

Honako hauek dira Kalapie elkartearen iritziz txostenean gehitu beharko liratekeen esku-hartzeak:

  • Bizikleta-sarea ikastolarekin, eskolarekin eta gainontzeko ekipamenduekin zuzenean lotzea. (Lauki morean markatuak irudian)
  • Ibaiaren bi aldeen arteko lotura egitea: era horretan udalerria bidegorri bidez lotura izango luke tren geltokiarekin, arraun klubarekin, industrialdeekin eta etorkizunean bertatik pasatzea aurreikusten den Donostia-Mutriku bizikleta bidearekin. Lotura hau egin ahal izateko, Kalapiek proposatu du zubi berri bat egitea, dagoena zabaltzea edo 30 Koexistentzia gune bat sortzea.
  • Sareak etenik ez izatea. Arrantzale kalean bidegorri tarte txiki bat falta dela identifikatu dute. 
  • Alferrikako itzuliak ekiditea, bizikleta beste modu batzuen aldean "desabantailan" egon ez dadin. Kalapie elkartekoen iritziz hori izango litzateke hondartza ondoko bidegorriaren kasua. Horregatik, horri ibilbide zuzenago bat gehitzea proposatzen dute. 
  • Zerbitzu zuzenagoa ematea bizitegi guneei, Estropalari kaleari edo Anibarko Portua auzoa esaterako.

Hona hemen Orioko bizikleta-sarearen planoa, Kalapieren gomendioekin hartzen duen itxura. Egungo bidegorria gorri argian margotuta dago. Gorri etena planean proiektatutako bidegorri-sarea da eta morez  ikastetxeak eta kirol-zentroak markatuta daude. Kalapieren proposamena granate kolorez markatua dagoena da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!