ELKARRIZKETA

"Arraun mundua beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera eman dit selekzioak"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko api. 9a, 14:30
Haizea Gozategi Espainiako selekzioarekin egindako egonalditik etorri berritan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Haizea Gozategi arraunlari gaztea Sevillan [Espainia] bilduta egon da Espainiako selekzioarekin. Ur-Kirolak taldearekin hainbat txapelketa irabazi ditu denboraldian zehar, baina Sevillan bizitako esperientzia "oso aberasgarria" izan dela sentitzen du.

Haizea Gozategi (Orio, 2006) Espainiako selekzioarekin bilduta egon da astebetez, Sevillan [Espainia]. Atzo gauean berandu iritsi zen etxera, baina gaur eguerdian Karkara.eus-i bertan bizitako esperientzia kontatzeko tartea hartu du.

Lehen aldiz jaso duzu Espainiako selekzioaren deia. Ezustean harrapatu al zizun albisteak?

Denboraldi honetarako markatu genuen helburuetako bat hori izan zen; horretarako lanean jardun gara, eta Espainiako selekzioak kontuan hartzen dituen hainbat estropadetan parte hartu dugu, Galizian jokatu zen Espainiako distantzia luzeko txapelketan edo Ergometroko Espainiako Txapelketan, esaterako. Hala ere, aurten oso arraunlari gutxi hautatu ditu selekzioak Sevillan biltzeko, hamarna neska eta mutil. Horregatik, horietako bat ni izatea oso pozgarria da. Euskal Herritik bi neska eta mutil bat joan gara, eta hirurok Ur Kirolak taldean egiten dugu arraunean. Gainontzeko arraunlariak, mutilen artean gehienak Andaluziakoak ziren, eta nesken artean andaluziarrez gain baziren Herrialde Katalanetakoak eta Galiziakoak ere

Zein ontzitan jardun zarete entrenatzen?

Espainiako selekzioak helburuak markatzen ditu, eta jubenil mailako nesken kasuan, esaterako, lemazainik gabeko laukoa edo bikoa eta biko skulla aurkeztu nahi ditu nazioarteko txapelketetara, eta horietan entrenatzen aritu gara. Sevillan egon garen bitartean, egunean bitan entrenatu dugu uretan: goizean errodajea egiten genuen eta arratsaldean serieak egiten genituen, denborak hartzeko. Egunez egun ontzia osatzeko arraunlarien konbinazioa aldatzen joan dira, zein arraunlarirekin lortzen diren denborarik onenak ezagutzeko. Hala ere, ondorio garbirik ez dute atera arduradun teknikoek, emaitza guztiak oso parekoak izan direlako. Beraz, datozen asteetan jakinaraziko digute nazioarteko txapelketak jokatzeko hautatuak izan garen. Nahiko urduri nago, berdintasun handia egon delako arraunlari guztion artean.

Desberdintasun handia antzeman al duzu klubean egiten duzuen entrenamenduekin alderatuta?

Bai, ordu eta kilometro asko egin ditugu arraunean, Sevillako arraunketa eremuak, gainera, horretarako aukera ematen du. Hemen mota horretako jardunaldi luzeak asteburuetan egin ditzakegu, baina han egunero-egunero izan dira. Bukaerarako oso nekatuta geunden. Klimari dagokionez ere desberdintasun handia nabaritu dugu; 30 gradu inguru egiten zituen eta gu ez gaude tenperatura horiekin arraunean egitera ohituta.

Arraunketa mailari dagokionez, maila handiko arraunlariak topatu al dituzu?

Bai, mentalitate aldetik antzeman du desberdintasun handiena. Guk hemen arrauna seriotasunez hartzen dugu, baina gehienetan gure helburua izaten da senior mailara iritsitakoan herriko traineruan arraunean egiteko aukera izatea. Beste lurraldeetan, berriz, arraunketa olinpikoan zentratuta egoten dira; ideiak oso argi dituzte eta Europako eta Munduko txapelketetara iristeko gogor prestatzen dira.

Zure aita, Ibon Urbieta, ere ibili zen Espainiako selekzioarekin. Gomendiorik eman al zizun Sevillara joan aurretik?

Momentua aprobetxatzeko esan zidan, horrelako aukera bat ez dutelako arraunlari guztiek izaten. Nire lana ahal dudan ondoen egiten saiatzeko, ondo pasatzeko eta arraunaz gozatzeko gomendatu zidan, baina buruari buelta gehiegi eman gabe. Etxean aita eta anaia ibili izan dira Espainiako selekzioarekin, eta badakigu oso zaila dela deitua izatea. Ni lehen urteko jubenila naiz eta normalean bigarren urtekoak deitzen dituzte; gurekin entrenatu duen nesketako bat, esaterako, iaz munduko txapelketa jokatzen izan zen. Badira iaz mundialean izan eta aurten deitu ez dituzten arraunlariak ere, horregatik  niretzat ohorea da aukeratu horien artean egotea. Esperientzia oso aberasgarria izan da eta arraun mundua beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera eman dit. Lehen nire helburua zen herriko traineruan aritzea eta ahal den bandera gehiena irabaztea, baina konturatu naiz goi mailako arraunketa olinpikoa ere asko gustatzen zaidala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!