Orioko skate parkea egokitu egingo du Udalak

Andrea Zipitria 2023ko api. 13a, 09:15

Skate parke berriaren proiektua. (Orioko Udala)

Udalak herriko erabiltzaileekin adostutako skate parkearen proiektua onartu berri du, eta aurreikuspenen arabera, datozen asteetan martxan jarriko dute obraren lizitazioa. Gaur egungoa baino eremu zabalagoa hartuko du instalazio berriak.

Herritarren eskaerari erantzunez, Orioko Udala skate parkea egokitzen hasiko da. Horrelako instalazioak eraikitzen espezializatuta dagoen Javier Labad arkitekto bizkaitarrarekin landu du diseinu berria, eta herriko eta inguruetako erabiltzaileekin kontrastatu du proiektua.

Parkearen proiektua, eginda eta onartua dago, eta udalak aurreikusten du obraren lizitazioa datozen asteetan martxan jartzea.

Gaur egungoa baino eremu zabalagoa hartuko du instalazio berriak. Skate parkea lurraren altueran eraikiko da, eta bi skate eremuetatik bat kendu egingo da; bata egurrezkoa eta bestea hormigoizkoa da, eta biak daude egoera kaskarrean. Lehena kendu egingo du Udalak, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, baina hormigoizkoak baditu ezaugarri berezi batzuk, eta erabiltzaileek mantentzeko eskatu diote Udalari. Horregatik, konpondu eta diseinu berrian txertatuko da U hori, zati horren eta berriaren arteko zirkulazioa bermatuz.

Saskibaloi zelaia

Ingurua egokituko dela aprobetxatuz, skate parkearen alboan dagoen saskibaloi zelaia ere berrituko du udalak. Saskiak eta lurra aldatzeko aukera aztertzen ari da, bi lanak aldi berean egiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!