Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Intza Unanue

Erredakzioa 2023ko api. 19a, 09:10

Bueltan da herritarren doinu kutunen atala. Oraingoan Intza Unanue abeslariari gogoko dituen bost kantuen inguruan galdetu diogu.

Egunerokotasunean makina bat ordu igarotzen ditut musika entzuten. Betidanik gustatu izan zaizkidan taldeak, berriki ezagutu ditudanak, ezagutzen ez ditudanak... Zeinen zaila egin zaidan horietatik bost soilik aukeratzea! Kantu kutun ugari ditut eta zerrendatik kanpo geratu dira asko, baina, tira, hemen dituzue gaur- gaurkoz nire kanturik kutunenak. 
 
1. Bnny: Ambulance
Soiltasuna bera ere polita dela arrazoitzen duen kantua.  Bnny, indie-rock talde estatubatuarra duela urte gutxi ezagutu nuen, baina ordudanik ez dira falta haien kantuak nire zerrendatan. 2021ean argitaratutako Everything lehen lan luzeko kantua da hautatu dudana. Gitarra, baxua, ahotsa eta lau estrofaz osatutako kantua, ez baitu gehiago behar helarazi nahi duena azaltzeko. 
 

2.  Verde Prato: Pakean Utzi Arte
Inoiz ez naiz izan bertsioen oso zalea. Baina Verde Prato artista tolosarrak Euskal Pop Erradikala lanean egin duen kantuen bilakaerak guztiz konkistatu nau. Nola bilakatu duen Hertzainak taldearen kantu hau barrenak mugitzeko ereserki. Akaso ez duzue inoiz halakorik sentitu, baina, emozionalki hotz sumatzen naizenean, halako barne blokeo bat izango banu bezala, barrena berpizten didan kantuetako bat da hau. 
 
 
3. Giranice: Itzao
Ezin nuen Giranice zerrenda honetatik kanpo utzi, nire talde gustukoenen artean baitago talde oriotarra. Itzao kantua sartu dut zerrendan, baina beste hamar ere sartuko nituzke. Beti izan naiz oso musika instrumental zalea, lo hartzeko, lanerako, lasaitzeko, esnatzeko.. askotan ahots eta letra beharrik ez baitago emozio guztiak azaleratu eta kantuaren atmosfera propioan sartuta egunerokotasunetik alde egiteko. Agian emozioen bidaia hori bizitzeko grinak bultzatuta, baina, ausartzen naiz esatera pandemiaz geroztik ikusi ditudan kontzertuen %40a Giranicerenak izan direla, eta gehiago izan daitezela!   
 
 
4. Leonard Cohen: Thanks For The Dance

Kantuaren izen bera daraman diskoa, Leonard Cohen kantautore kanadarra hil ostean argitaratu zuten, artistaren bozetoetatik abiatu eta haren semea Adam Cohenek amaitu zuen lana. Benitok gomendatu zidan azken disko hau kontzertu batean hizketan genbiltzala, ordudanik Spotify-ko zerrenda ugaritan ditut banatuta kantuak. Hautatutakoak, ordea, badu zerbait berezia. Cohenen ahots grabea, erritmoa, amaiera aldeko emakumeen ahotsak, perkusioaren soiltasuna, tarteko instrumentu ezberdinen pintzeladak... Egun ilunetan ohean begiak itxita entzuteko ideala.

5. Lorde: Team
Badu zerbait kantu honek, guztiz harrapatzen nauena eta urteak igaro ahala aspertzen ez nauena. Lorde, musikagile eta abeslari zeelandaberritarra inspirazio iturri izan dut azken diskoa lantzerakoan, beste artista ugarirekin batera. Azken urteotan zertxobait ahaztuta izan badut ere, berriz konektatu dut bere musikarekin eta kantu honen kutsu lurtarrak, perkusio digitalek, ahots kapen perfekzioak eta transmititzen duen guztiak zerrenda honetan egotera ekarri dute.

 

 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!