Bihar jokatuko dituzte Aulki Mugikorreko Nazioarteko Estropadak

Andrea Zipitria 2023ko api. 21a, 10:17
Orioko Nazioarteko XVIII. Estropaden aurkezpen ekitaldia. (Andrea Zipitria)

Hamar zortzikok parte hartuko dute estropadan. Oriokoekin batera, Frantziako, Portugalgo, Espainiako eta Herrialde Katalanetako taldeak ariko dira lehian, 18:00etatik aurrera.

1968an jendetza bildu zen Orion, errioaren bueltan. Izan ere, urte hartan, lehen aldiz, Aulki Mugikorreko Nazioarteko Estropada jokatu zuten herrian. Bihar, bost urteko geldialdiaren ondoren, berriz iritsiko da nazioarteko estropada Oriako uretara.

Berrikuntza gisa, aurten gizonek zein emakumeek zortzikoetan parte hartuko dute –orain arte emakumezkoek laukoetan jokatu izan dute–. Horrek txapelketari "ikusgarritasuna" emango diola uste du Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak. 

Emakumezkoetan, gainera, Oriok lehen aldiz aterako du lehiara zortzikoa, eta Nantes (Frantzia), CN Sevilla (Espainia), CN Amposta (Katalunia) eta Oporto (Portugal) izango ditu aurkari. Gizonezkoen kategorian, berriz, parte hartuko dute Oriok, Nantesek, AV Grenobloisek (Frantzia), RC Labradoresek (Espainia) eta Oportok. Elkarteko presidentearen iritziz, halako txapelketa bat herrira ekartzea "erantzukin handia da", eta estropadaren bueltan egun osoko egitaraua prestatu dute. Dena den, probari hasiera 18:00etan emango zaio. Hain zuzen ere, 500 metroko distantzia izango du estropada eremuak: Etxeluze gaztetxe paretik hasi eta zubiraino. Talde guztiek lau bider egin beharko dute ibilbide hori, eta, batetik bestera, sei minutuko atsedena izango dute. Lehenengo estropadan zozkatuko dituzte kaleak, eta estropadatik estropadara, bost taldeak kale bana mugituko dira. Puntu gehien lortzen duenak irabaziko du lehia.

Egitarauaren barruan, omenaldia egingo diote Patxi Sarasua oriotarrari. "Orioko herriari asko eman dio Sarasuak", azaldu zuen aurkezpenean Esnaolak. Besteak beste, bera izan zen "arraunketa olinpikoaren sustatzailea".

EGITARAUA

Bihar, apirilak 22
12:00.
Euskal parrilla plazan.
12:30. Arraunlarien aurkezpena.
18:00. Nazioarteko estropadak, Oria ibaian.
19:30. Euskal parrilla plazan: hanburgesak eta garagardoa.
20:00. Sari banaketa eta Patxi Sarasuari omenaldia.
21:30. Aros DJa.
23:30. Xanta DJa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!