Orioko zortzikoak nagusi izan dira Nazioarteko Estropadetan

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 22a, 21:10

Nazioartetik etorritako aurkariek estu hartu baldin badituzte ere, etxeko arraunlariak serio lehiatu dira hasieratik bukaeraraino. Gizonezkoek proba guztiak irabazi dituzte, eta emakumezkoek hainbat irabazteaz gain, aurrealdean aritu dira uneoro. 

Bost urteko itxaronaldia luze joan da arraunzaleentzat, baina  itzulera handia izan da. Historikoa eta gogoangarria, nolabait esateko. Orioko Nazioarteko XVIII. Estropadak jokatu dira gaur arratsaldean errioan, eta etxeko bi zortzikoak izan dira garaile, emakumezkoena eta gizonezkoena. Kontuan izan behar da aurten bi kategorietan lehiatu direla zortziko ontziarekin –orain arte emakumezkoek laukoetan jokatu dute–, eta horrek are bereziagoa bihurtu duela garaipen bikoitza.

Herritarrek biziki gozatu dute estropada klasikoarekin, baita herrikoek eman duten erakustaldiarekin ere; eta, nola ez, txapelketaren bueltan antolatu diren ekitaldiekin. Guztira, hamar talde aritu dira nor baino nor arraunean, bosna kategoria bakoitzean,eta 500 metroko distantziako proba jokatu dute lau bider, aldi bakoitzeko sailkapenaren arabera puntuazio jakin bat lortuz. Amaieran, puntu gehien zuena izan da garaile.

Emakumezkoetan, Oriok nagusitasunez ekin dio lehiari, eta lehen bi probak irabazi ditu eta hirugarrenean laugarren izan da. Emaitza horiek nahiko erabakita utzi dute estropada, baina azken proban ez zuen hutsik egin behar. Hasiera xumea egin arren, indartsu bukatu du CN Ampostak (Katalunia), azken bi probetan nagusituz. CN Sevilla (Espainia) eta azken unean  Nantes (Frantzia) ordezkatu duen Donostiako Ur Kirolak taldeak gorabeheratsu ibili dira, eta RCF Portuensek (Portugal) erakutsi du aurkaririk xumeena zela.

Gizonezkoen kategorian, berriz, Oriok ez du aurkaririk izan. Lautik lau irabazi ditu, eta probak aurrera joan ahala, arraunlariak berotzen joan diren heinean, hobeto aritu dira. Koska bat beherago aritu dira RC Labradores (Espainia) eta RCF Portuense (Portugal); eta maila apalagoa, berriz, Frantziako bi taldeak, CA Nantes eta AV Grenoblois.

Emakumezkoak (W8+)
1. Orio AE   17 puntu
2. CN Amposta   15 puntu
3. CN Sevilla   13 puntu
4. Ur Kirolak   10 puntu
5. RCF Pontuense   5 puntu

Gizonezkoak (M8+)
1. Orio AE  20 puntu
2. RC Labradores  13 puntu
3. RCF Pontuense  13 puntu
4. AV Grenoblois  8 puntu
5. CA Nantes  6 puntu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!