Udal eta foru hauteskundeak 2023

Orion egiten ari diren "aldaketak gauzatzen jarraitzeko" taldea osatu du EH Bilduk

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 26a, 13:32
Orioko EH Bilduren hautagaitza zerrenda. (Orioko EH Bildu)

22 herritarrek osatzen dute EH Bildu Orioren hautagaitza eta  taldea "anitza, multidiziplinarra, prestatua, herriarekin inplikatua, herrigintzan aritutakoa eta lanerako gogo biziz dagoena" dela nabarmendu dute.

Orioko EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagaien zerrenda aurkeztu du. "Talde berritua" osatu dutela adierazi dute: "Anitza, multidiziplinarra, prestatua, herriarekin inplikatua, herrigintzan aritutakoa eta lanerako gogo biziz dagoena". Hala, koalizioak azken agintaldian udala kudeatzen hartu duen esperientziari "indar fresko berriak" batu zaizkiola nabarmendu dute. Lau urte hauetan Orion egiten ari diren "aldaketa gauzatzen jarraitzeko osagarri" guztiak dituela uste du Anuska Esnal alkategaiak. Izan ere, Orioko EH Bilduren esanetan datorren agintaldia "oso garrantzitsua" izango da, "herriak azken lau urteetan egin den lanari jarraipena eman edota lehengo moduetara itzuli dadin erabaki beharko duelako. Orioren etorkizuna definituko duten proiektuak gauzatuko dira hurrengo legealdian, eta erronka horietan pentsatuta indarberritu dute taldea", azpimarratu dute.

22 herritarrek osatzen dute Orioko EH Bilduren zerrenda eta ilusioz hartu dute erronka hautagaiek. "Udala herriari irekiz beste era batera goberna daitekeela erakutsi da eta pertsonalki erronka oso polita iruditzen zait talde honen parte izatea”, jarri du balioan Olatz Santamaria Bereziartuak. “Orio herrigintzatik egin eta eragiten jarraituko duen bidearen parte izateko" taldera batzea erabaki du Iosu Lizarralde Ibarbiak, eta Sara Peña Lizarraldek, berriz, "guztion artean eraikitako" herri eredua jarri du balioan. "Azken lau urteetan bizi eta ezagutu dudan Orio da niretzat eta nire umeentzat nahi dudan herria: bizia, euskalduna, elkarbizitza ardatz duena". Bineta Sarrek, berriz, EH Bildurena "kultura guztiei lekua egiten dien taldea dela" nabarmendu du.

Hautagaiak

1. Anuska Esnal Oliden. 42 urte. Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte larrialdietarako arduraduna. “Herri hobeago bat egitearen konbikzioz egin nuen salto udalgintzara, eta funtsezkoa da hasitako bideari jarraipena ematea. Ilusioa eta
esperientzia daukagu, eta lanerako gogoz gaude”.

2. Olatz Santamaria Bereziartua 32 urte. Arkitektoa. “Udala herriari irekiz beste era batera goberna daitekeela erakutsi da eta pertsonalki erronka oso polita iruditzen zait talde honen parte izatea”.

3. Xabier Ibarguren Azkue. 32 urte. Gizarteratze teknikaria. “Orio hobeago, bizigarriago eta justuago bat eraikitzen jarraitzeko bidelagun izateko: herriari onena emateko konpromisoz, ilusioz eta anbizioz”.

4. Ainara Munduate Iguaran. 43 urte. Elektronikako teknikaria. “Lau urte hauetan eraiki dugun ibilbideari jarraipena emateko eta gizarte hobeago bat egin dezakegula sinisten dudalako”.

5. Bittor Andres Alkorta. 51 urte. Ikastolako atezaina. “Herrigintza egiten duen taldea delako”.

6. Iñaki Makazaga Urdangarin. 40 urte. Ostalaria. “Lau urte hauetan udala herritarrena dela sentitu dudalako eta udal talde honetan denak ongi etorriak garela sentitu dudalako”.

7. Lohitzune Solabarrieta Odriozola. 40 urte. Portu, bide eta ubideetako ingeniari doktorea. “Azken urteetan zintzotasunez eta gertutasunez egindako lanak sortu didan ilusioak eraman nau talde honetara”.

8. Iosu Lizarralde Ibarbia. 33 urte. Zientzia irakaslea. “Orio herrigintzatik egin eta eragiten jarraituko duen bidearen parte izateko, bokaziotik, gogoz”.

9. Nagore Rementeria Argote. 47 urte. Zientzia komunikatzailea. “Talde honen indarra nabarmena da, aberatsa da eta nik ere nire aletxoa jarri nahiko nuke”.

10. Inaxio Alguacil Barrenetxea. 46 urte. Aholkularia. “Sigletatik haratago, herrian politika egiteko beste modu bat badagoela ikusi dugulako, begirada irekiago eta integratzaileago batekin, horrekin eraginkortasunik galdu gabe”.

11. Sara Peña Lizarralde. 47 urte. Botikaria. “Azken lau urteetan bizi eta ezagutu dudan Orio da niretzat eta nire umeentzat nahi dudan herria: bizia, euskalduna, elkarbizitza ardatz duena. Hori horrela, garrantzitsua da guztion artean
eraikitzen ari garen herri eredu honi jarraipena ematea”.

12. Gaizka Gastiain Agirre. 47 urte. Fresatzailea. “Lan ona egiten ari den talde honi nire babesa eta laguntza eskaini nahi diot”.

13. Amaia Olazabal Leonet. 39 urte. Euskaltegiko irakaslea. “Azken lau urteetan udalak egindako lanak herria asko hobetu duelako eta aldaketa horren parte izan nahi dudalako. Herria egiten jarraitu nahi dudalako”.

14. Pedro Miguel Uranga Uranga. 60 urte. Arrantzale ohia “Inor atzean lagako ez duen taldea delako”.

15. Jon Itxaso Lizaso. 45 urte. Kaldereriako operarioa. “Herri euskaldun eta ekintzaile bat nahi dudalako”.

16. Laida Iturralde Larrañaga. 36 urte. Matematika irakaslea. “Umiltasunez eguneroko lanean erakusten duen gardentasunak eta herriarekiko duen gertutasunak batu nau talde honetara: herrigintza eta herria egiteko moduak”.

17. Borja Zubizarreta Aramendi. 32 urte. Haur eta Lehen Hezkuntza irakaslea. Azken urteotan herritarrekiko gertutasuna eta gardentasuna asko areagotu dira. Herritarren ahotsak eta iritziak indarra hartu duen honetan, aurretik ditugun
erronken kudeaketen parte izan nahi dut”.

18. Ana Belen Murua Dorronsoro. 61 urte. Saregile ohia. “Nondik gatozen ahaztu gabe, udalgintzatik ere herri-sarea josten jarrai dezagun”.

19. Koldo Olariaga Larrañaga. 68 urte. Administrari ohia. “Lau urte hauetan herria gobernatzeko era desberdin bat erakutsi digutelako: herrigintza eta auzolana”.

20. Maixabel Etxeberria Ikaran. 71 urte. Merkatari ohia. “Udalak azken urte hauetan hartu duen norabideari jarraikortasuna emateko”.

21. Bineta Sarr. 31 urte. Matrona eta ekografilaria. “Kultura guztiei lekua egiten dien taldea delako”.

22. Qasim Hussain. 26 urte. Igeltseroa. “Herritar eta komunitate guztien iritziak jasotzen dituen taldea delako”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!