Udal eta foru hauteskundeak 2023

Orion "zaintza ekosistema bat garatzeko" konpromisoa azaldu du EAJk

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 1a, 08:58
Noemi Ostolaza eta Maite Peña Orioko gizarte eragileetako ordezkariekin. (EAJ)

EAJko Orioko alkategai Noemi Ostolaza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña Orioko gizarte eragileekin bildu ziren ostiralean, Salatxo aretoan, EAJk herrian garatu nahi duen zaintza ekosistemaz aritzeko. Bertan izan ziren Eguneko Zentroko, Zaharren Babes Lekuko, Ostargi, Esperientzia Eskola eta Ahalduntze Eskolako ordezkariak.

Orioko EAJk "zaintza beharrak dituzten pertsonak erdigunean jarriz, erakunde, eragile eta herritarren inplikazioarekin oriotar guztien bizi kalitatea hobetuko duen ekosistema bat" sortu nahi du. Hain zuzen ere, proiektuaren inguruan hitz egiteko herriko gizarte eragileekin bildu ziren ostiralean EAJko alkategai Noemi Ostolaza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña. Bileran izan ziren Eguneko Zentroko, Zaharren Babes Lekuko, Ostargi, Esperientzia Eskola eta Ahalduntze Eskolako ordezkariak. Maite Peña diputatuak Zaintza HerriLab estrategiaren berri eman zien eragileei, eta azaldu zien herrietan "proiektu komunitario, partekatu eta berritzaileak" garatzen ari direla, "mendekotasun egoeran dauden herritarren bizi kalitatea hobetzeko".

Hain zuzen ere, EAJko alkategai Noemi Ostolazak azaldu zuen bere alderdiak prestatutako programaren "giltzarria" izango dela zaintzaren arloa, "osasunarekin eta berdintasunarekin batera". "Orio eta oriotarren izaera, aniztasuna eta ongizatea oinarri hartuta egingo dugu lan, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egongo den herri bat eraikitzeko".

Ostolazak eragileei adierazi zien zaintza ekosistemaren bidez, "adinekoen zaintza beharrez gain, kolektibo desberdinek dituzten beharrei erantzuteko prest" dagoen herria eraiki nahi dela, "pertsonalizazioan, berrikuntzan eta komunitateak duen indarrean oinarrituta". Zentzu horretan uste du eragileek "paper garrantzitsua" izango dutela, eta horregatik proiektua "hasiera-hasieratik elkarlanean lantzeko" konpromisoa hartu du.

Ostolazak gogoratu zuen EAJk "konpromiso sendoa duela Oriorekin". Hala, jeltzaleena "oriotar guztien kezkak entzun, lehentasunak ezarri eta lanerako prest" dagoen taldea dela azpimarratu zuen. "Zaintza ekosistemaren bidez, adinean aurrera doazen oriotar guztiak herrian bertan zainduak izateko aukera bermatzeko lan egingo dugu buru-belarri". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!