Orioko Herri Ikastolak Aste Kulturala antolatu du datozen egunetarako

Andrea Zipitria 2023ko mai. 4a, 14:05

Ikastolak Gau Beltzaren bueltan jaialdia antolatu zuen udazkenean plazan. (OHI)

Bihartik astelehenera bitartean, solasaldia, mendi irteera, dokumentalaren proiekzioa eta beste hainbat jarduera izango dira herrian, Orioko Herri Ikastolaren Aste Kulturalaren barruan.

Bihar hasi eta astelehenera bitartean  Orioko Herri Ikastolak Aste Kulturala ospatuko du. Hain zuzen, egitarau "interesgarria" eta "parte-hartzailea" osatu dute; solasaldia, mendi irteera, dokumentalaren proiekzioa, eta beste hamaika egiteko izango dira asteburuaren bueltan herrian. Ekitaldi guztiak irekiak izango dira, eta parte hartzera gonbidatu dituzte oriotarrak.

Bihar emango diote hasiera Aste Kulturalari, herriko plazan. Motorrak berotzen joateko bingo musikatua egingo dute, eta, ondoren, 19:45etik aurrera Elbira Zipitriaren inguruko dokumentala eskainiko dute.

Ondorengoa da egitaraua:

Maiatzak 5, ostirala. Bingo musikatua eta taloak, 18:30ean herriko plazan. Ondoren, 19:45ean, Elbira Zipitriari aitortza eta dokumentalaren proiekzioa.

Maiatzak 6, larunbata. Munduko arrozak, 12:00etatik hasita, herriko plazan.

Maiatzak 7, igandea. Mendi irteera, 10:30ean abiatuta.

Maiatzak 8, astelehena. Miñan liburuaren solasaldia Amets Arzallusekin, 19:00etan, gaztetxean.

Herri Urrats

Horrez gain, aurten, Maiatzaren 14an ospatuko da Herri Urrats jaia. Iparraldean, ikastolen alde ospatzen den jai honetara "jendea animatzeko saiakera berezia" egin nahi da, eta horretarako autobusa antolatzea da asmoa, betiere gutxieneko kopuru bat osatzen bada. Interesa dutenek, izena eman beharko dute maiatzaren 10a baino lehen, ondorengo galdetegian. Bertatik azaldu dutenez, adin txikikoak derrigorrez heldu baten ardurapean joan beharko dute.