Kultur etxeko igogailua aldatu egingo du udalak

Andrea Zipitria 2023ko mai. 2a, 11:30

Kultur etxeko igogailua. (Aiora LarraƱaga Solabarrieta)

Kultur etxeko igogailua aldatzeko lizitazioa deitu du udalak. Zortzi lagunentzako edukiera izango du igogailu berriak, eta 45.500 euroko kostua izango du hura muntatzeak. 

Igogailu berria jarriko du Orioko Udalak kultur etxean, oraingoa zaharkituta baitago. Udaletik adierazi dutenez, "30 urte bete ditu, eta azken urteetan izandako matxurak konpontzeko, oso zaila izan da ordezko piezak lortzea". Gainera, Orio Denontzat irisgarritasun plana lantzen ari den lantaldeak igogailu hori aldatzeko eskaera egin dio udalari: "gurpil-aulkiak oso justu kabitzen direlako, eta aulkiaz gain, ez delako beste pertsonarik kabitzen". Horregatik guztiagaik, igogailu berria jartzeko lehiaketa publikoa deitu du udalak.

Maiatzaren 11ra arteko epea egongo da proposamenak aurkezteko. Ondoren, bi hilabete inguru beharko dira hornikuntza- eta prestaketa-lanak egiteko, eta igogailua muntatzeko lanek hiruzpalau asteko iraupena izango dute.

Aurreikusitako igogailu berriak, zortzi lagunentzako edukiera izango du, eta 45.500 euroko kostua edukiko du hura muntatzeak.

Skate-parkearen lizitazioa

Halaber, skate-parke berria eraikitzeko proposamenak aurkezteko epea pasa den astelehenean amaitu zen. Orain, aurkeztutako proposamen guztiak aztertuko ditu udalak, eta lizitatu egingo du.

Lanek hamasei asteko iraupena izango dute, aurreikuspenen arabera.