Bihar izango da Orioko ikasleek Mutiozabalen eraikitako alaren uretaratze ekitaldia

Andrea Zipitria 2023ko mai. 5a, 15:30

Azken hilabeteotan ibili dira Orioko hainbat ikasle ala bat eraikitzen Mutiozabal ontziolan, eta dagoeneko lan guztiak amaitu dituztenez, bihar uretaratuko dute. Halaber, ontziolan lanean aritu zen azken langile Ramon Carrera Txanka omenduko dute Albaolak eta Orioko Udalak.

"Orioko herritarrek harreman estua izan dute iraganean Oriarekin, eta, gaur egun, historiaren zati horrekin loturarik ez dutenez, pixkanaka galdu eta desagertu egin da", azaldu dute Albaola Itsas Kultur Faktoriatik. Horregatik, ontzigintza tradizionala iraunaraztea, eta belaunaldi berriei horren berri emateko asmoz, Zaragueta Herri Eskolako, Orio Herri Ikastolako eta Aginaga Herri Eskolako ikasleek Mutiozabal ontziolan ala bat eraitzen ibili dira azken hilabeteotan, eta dagoeneko prest dagoenez, bihar, haren uretaratze ekitaldia egingo dute, larunbatarekin. 

Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Mutiozabal plazan, eta Iruñeko Donibane Heziketa Zikloko arotzek egindako alarekin batera, uretaratzea da asmoa. Ondoren, bi alen arteko estropada jokatuko da. Hain zuzen ere, ontziak eraiki dituzten ikasleek hartuko dute parte, eta lagun arteko estropada txiki bat egingo dute Orian, Mutiozabal ontziolaren aurrean.

Ekitaldia aitzaki hartuta, ontziolan lanean aritu zen azken langile Ramon Carrera Txanka omenduko dute Albaolak eta Orioko Udalak, eta Mutiozabal plazan karpa txiki bat jarriko da, mokadua eskainiko zaie bertaratuei. Ekitaldiaren ostean, herriko trikitilariek joko dute.

Ondorengoa izango da eguneko programa:

17:00. Aurkezpena.
17:15-17:30. Alaren uretaratzea.
17:30: Estropadak
18:15. Mokadua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!