Abiatu dute jubenil mailako Espainiako Eskubaloi Txapelketako B sektorea Karela kiroldegian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 6a, 10:13

Atzo arratsaldean jokatu zuten txapelketako lehen jardunaldia. Orio Eraginek ez zuen garaipena lortu, baina markagailuan atzetik joan arren, Sinergia Orio Eskubaloi taldeko jokalariek partidaren bukaera arte "borroka egin zuten, amorerik eman gabe eta sartutako gol bakoitza ospatuz".

Atzo arratsaldean abiatu zuten Karela kiroldegian, emakumezkoen jubenil mailako Espainiako Txapelketako B sektorea. Bi partida jokatu ziren lehen jardunaldian. Lehendabizi, Calfirma Cardaballalek CD Iplacea izan zuen aurkari eta Galiziako taldea nagusitu zen 23-19 emaitzarekin.

Jarraian, 19:30ean hasita, etxekoen txanda izan zen eta Sinergia Orio Eskubaloiak Anaitasuna izan zuen aurkari. Azken norgehiagoka horretan kiroldegia Orioko Eragin taldeko zalez bete zen, eta animo oihuez eta bonbo hotsez "indarra" eman zioten etxeko taldeari. Ez zen partida erraza izan oriotarrentzat, 27-40 emaitzarekin Iruñeko taldeak lortu baitzuen garaipena. Dena dela, "gogor eutsi" zioten neskek azken unera arte. Nahiz eta markagailuan atzetik joan, partidaren bukaera arte "borrokatu zuten, amorerik eman gabe eta sartutako gol bakoitza ospatu zuten". Taldeko entrenatzaile Ane Merketegiren iritziz, "sekulako kasta" erakutsi zuten neskek, eta zaleek emandako babesa "ikaragarria eta txalotzekoa" izan zela azpimarratu du.

Atzokoa atzean utzita, "gaurko partidan kontzentratuta" daude Orio Eragineko neskak. Gaurkoan CD Iplacea taldea izango du aurkari Sinergia Orio Eskubaloiak, 18:30etik aurrera. 16:30ean, berriz,  Calfirma Cardaballal eta Anaitasunaren arteko partida ikusteko aukera izango da.

Bihar, maiatzaren 7a
- 10:30. Anaitasuna - CD Iplacea
- 12:30. Sinergia Orio Eskubaloia - Calfirma Cardaballal

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!