Sara Peñak hirugarren egin du Domusa Teknik 40 MLK lasterketan

Ihintza Elustondo 2023ko mai. 6a, 19:02

Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) aise gailendu dira proban, bigarren sailkatuei alde handia aterata. 08:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta, 65 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute korrikalariek Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bigarren edizioa jokatu dute gaur Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunak eta Domusa Teknikek antolatuta. Guztira, 500 korrikalari baino gehiagok parte hartu dute lasterketan, eta 08:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta, 65 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute Azpeitia, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean. Eguraldi ederrak lagunduta, jendetza bildu da ibilbideko hainbat puntutan, eta giro polita sortu da lasterketaren bueltan. Gaurkoan bi izen utzi ditu probak: Borja Zubizarreta azkoitiarra eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) aise gailendu dira proban, bigarren sailkatuei alde handia aterata.

Sorpresa eman du Zubizarretak; izan ere, Aritz Egea iazko txapelduna joan da lasterketaren buruan ia proba osoan. Dena den, Loiola aldean kalanbreak sentitzen hasi da Egea, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriren inguruan lasterketarekin ez jarraitzea erabaki du –ondoren sare sozialetan jakinarazi du bero kolpea izan duela eta anbulantzian artatu behar izan dutela, baina ondo dagoela–. Zubizarretak ez du aukera alferrik galdu, eta ez du inolako arazorik izan amaieraraino lehen postuari eusteko; aise lortu du helburua, gainera. 05:53:33 denboran amaitu du proba, eta ia ordu erdiko aldea atera dio bigarren sailkatuari; Ibarrako (Gipuzkoa) Goar Lopetegik 06:21:16 denbora behar izan du lasterketa amaitzeko. Gainera, iazko edizioan Egeak berak jarritako marka hobetu du Zubizarretak; hark 06:00:33 denbora behar izan zuen iaz ultra traila amaitzeko, eta, beraz, ia zazpi minutuz hobetu du haren marka. Erdietsitako lorpenak eskatzen zuen moduan, Erdikalea txalo zaparrada artean gurutzatu ostean helmugaratu da azkoitiarra Azpeitiko plazan, eta lagunen eta senideen babesa eskertu du helmugako txintxarria astindu ostean. Gizonetan, Teruelgo (Espainia) Marcos Ramosek osatu du podiuma, 06:29:55 denborarekin.

Emakumeen artean, iazko garaileak ez du hutsik egin aurtengoan ere, eta nagusitasun osoz jantzi du txapela Azkorbebeitiak –41 minutuko aldea atera dio bigarrenari–. Lasterketa "gogorra" egin zaiola eta "sufritu" duela aitortu duen arren, iazko denbora hobetzea lortu du: 07:09:13 denboran amaitu du lasterketa, eta 07:17:21 denboran helmugaratu zen iaz. Ohikoa duen moduan, seme-alaben babesean helmugaratu da abadiñarra, irribarretsu. Bigarren, Durangoko (Bizkaia) Larraitz Aragon (07:50:31) sailkatu da, eta hirugarren Sara Peña oriotarra (08:09:41).

Lotura honetan egin daiteke sailkapenaren eta korrikalari bakoitzaren denboren jarraipena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!