Herriko ikasleek egindako alaren botadura ekitaldia egin dute Mutiozabal ontziolan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 7a, 10:22

Hitzordua aprobetxatu zuten ontziola bizi-bizirik iraun zezan lan egin zuen familiari aitortza egiteko, Carrera familiari, Txankatarrei.

Atzo egun berezia izan zen Orion, hainbat urtetako etenaldiaren ondoren, ala baten botadura ekitaldia egin zelako Mutiozabal ontziolan. Hitzordua aprobetxatu zuten, gainera, ontziola bizi-bizirik iraun zezan lan egin duen familiari aitortza egiteko, Carrera familiari, Txankatarrei. "Patxi Carrera Ortzaika auzoan hasi zen ontzigintzan trebatzen eta ondoren Mutiozabalen jarraitu zuen bere jarduna. Ramon semeari lanbidea gustatu eta aitaren lekukoa hartu zuen", azaldu zuen Anuska Esnal alkateak ekitaldian. Aita-semeek "lan garrantzitsuak" egin zituzten urte luzez. 1989an, esaterako, Canadako argazki batetik zortzi metroko baleontzi bat egiteko eskaintza etorri zitzaien, eta argazki soil batetik, planoak diseinatu eta urtebeteko epean baleontzi hura egitea lortu zuten. "Patxi Carrerak ez zuen baleontzia Mutiozabaletik kanpora ikusi, baina Ramonek jarraitu zuen hasitako lana eta urte askotan utzi museoan egon zen ikusgai baleontzi hori", gogoratu zuen alkateak. Hala, Orioko Udalak uste du garrantzitsua dela oriotarrek ezagutzea Carrera familiak Mutiozabal bizirik jarraitzeko egindako ahalegina. "Azken urtetan balioan jarri bada ere, denbora askoan ahaztua eduki den lanbidea izan da ontzigintza tradizionala. Carrera familiak 2008an erabaki zuen ontzigintzagatik ezin zela bizi, baina saiakera handia egin zuen ontziola bizirik mantendu zedin, asko kezkatzen zielako Mutiozabal desagertzearekin batera herriko ontzigintzaren ondarea ahaztuta geratzea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet oriotar guztien partez", nabarmendu zuen Esnalek.

Mutiozabal ontziolaren proiektu berriak itsas ondarearen transmisioa du oinarri, eta horregatik, belaunaldien arteko erreleboa irudikatu zuten botadura-ekitaldian. Carrera familiari egindako omenaldiaren ondoren, azken hilabeteetan Mutiozabalen garatu duten proiektuaren inguruko azalpenak eman zituzten ontziolako arduradunek, eta egitasmoan parte hartu zuten ikastetxeetako ordezkariek. "Hezkuntza proiektu berritzailea" garatu du Albaolak Mutiozabalen. Hala, proba pilotu bezala,  Zaragueta Herri Eskolako, Orioko Herri Ikastolako eta Aginagako Eskolako ikasleek, erremintak eskuan hartuta, atzo uretaratu zuten ala eraikitzen parte hartu dute. "Hezkuntza eta didaktika aldetik sekulako potentziala duen proiektua dela ikusi dugu. Erabat teknologikoa den gizartean abiadura handian bizitzera gaude ohituta, eta bat-batean ontziolan sartu eta eskuan erremintak hartuta lanean hasten direnean, haurrei beren jarrera erabat aldatzen zaie. Haurren bidelagun izan diren arotz-irakasleek lortu dute ontziolan giro berezia sortzea, haurrak kontzentratzea eta oso gustura lan egitea". Albaolak ala ontzia aukeratu du erronka berriari aurre egiteko, tradizioz Oriako ibaiertzetan erabili ohi den txalupa delako.

Ekitaldiaren ondoren, alaren botadura egin zuten Mutiozabal ontziolaren ondoan dagoen arranplatik, eta jarraian ontzia eraikitzen parte hartu duten hainbat ikasle erriora arraunera atera ziren ontzian. Beraiekin batera uretara atera ziren Iruñeko Donibane FP ikastetxeko arotz ikasleek. Izan ere, horiek ere ala bat eraiki dute Mutiozabalgo plano batzuetan oinarrituz, eta ontzia herriari oparitu diote, uste dutelako hemen dagoela bere tokia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!