Emakumeen kadete mailako zortzikoak urrea irabazi du Libourneko Nazioarteko Estropadan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 8a, 12:27
Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen kadete mailako zortzikoak urrezkoa domina irabazi du Libournen. (OAE)

Libourneko Nazioarteko Estropadan parte hartu dute Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari gazteek.

Orio Arraunketa Elkarteko harrobiko arraunlari gazteak, kimu, infantil eta kadete mailakoak, Libourneko Nazioarteko Estropadan parte hartu dute asteburuan. Bordeletik (Frantzia) 25 kilometrotara dago herria, eta bertakoa "estropada eremu olinpiko onenetakoa" dela nabarmendu dute elkarteko kideek; hala, uste dute "esperientzia hartzeko" balio izan diela estropadak. Guztira, 91 arraunlari izan dira Frantzian, eta bederatzi ontzi aurkeztu dituzte txapelketara.

Larunbatean jokatu zuten lehen jardunaldia eta 13 ontzi eta 65 arraunlari oriotar lehiatu ziren Libourneko uretan; hain zuzen ere, zortzi ontzik lortu zuten final nagusirako sailkatzea, domina lortuz. Emakumezkoen kadete mailako zortzikoak, esaterako, garaipena lortu zuen. Horrez gain, zilarrezko hiru domina ere eskuratu dituzte oriotarrek: kadete mailako mutilen zortzikoak eta kimu mailako mutilen A skull zortzikoak eta A lemazaindun skull laukoak. Brontzezko domina eskuratu zuten taldeak, berriz, lau izan ziren: kadete mutilen lemazaindun laukoa, eta kimu mailako B skull zortzikoa, B lemazaindun skull Laukoa eta skull bikoa.

Igandeko jardunaldian, 26 arraunlari oriotarrek parte hartu zuten sei ontzitan banatuta, baina inor ez zen final nagusirako sailkatu eta B finalak jokatu zituzten; horietatik bi ontzik lortu zuten B final txikia irabaztea.

Honako hauek dira Libourneko Nazioarteko Estropadan urrezko domina lortu duten arraunlariak: Amane Basurko, Irati Olaizola, Maddi Erguin, Maialen Arostegi, Elene Urrestilla, Nahia Gonzalez Txabarri, Lia Gaztañazpi, Iraia Aizpurua eta Mireia Torres (lemazaina).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!