Futbol egokituko topaketa izango da larunbatean Mendibeltz zelaian

Erredakzioa 2023ko mai. 11a, 14:48

Futbol egokituko topaketa egin zuten iaz Azpeitian. (Uztarria)

Topaketak entrenamendu formatua izango du, eta desgaitasunen bat duten eta ez duten gazteek elkarrekin jokatuko dute. Halaber, gaiaren inguruan sentsibilizatzeko hitzaldia eskainiko du Alicia Figueroa GKEFko kideak.

Orioko Futbol Taldeak eta GKEF Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak antolatuta, futbol egokituko topaketa irekia egingo da larunbat honetan, maiatzak 13, Mendibeltz futbol-zelaian. Ekimenaren helburua nagusia desgaitasuna duten haur eta gazteei futbolean jokatzeko aukerak ematea da, eta gizarteak kirol egokituarekiko duen ikuspegia aldatzen laguntzea. Horretarako, alebin mailako neska-mutiko guztiei zuzendutako (bai desgaitasunen bat dutenei eta bai ez dutenei) topaketa antolatu dute.

12:00etan egingo duten saioak entrenamendu formatua izango du, eta desgaitasunen bat duten eta ez duten gazteek elkarrekin jokatuko dute. Horren aurretik, gaiaren inguruan sentsibilizatzeko hitzaldia eskainiko du Alicia Figueroa GKEFko kideak. 11:00etan izango da, Mendibeltzen bertan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!