Champs-Élysées orkestraren kontzertura joateko doako autobusa ahalbidetu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 14a, 16:30

Frantziako Champs-Élysées orkestra. (Utzitakoa)

Frantziako musikariek Donostiako Kursaalen eskainiko dute emanaldia ekainaren 1ean eta interesdunek maiatzaren 26ra arteko epea izango dute izena emateko. 15 pertsonako gutxieneko taldea osatzen ez bada, bertan behera utziko dute zerbitzua.

Champs-Élysées orkestrak kontzertua eskainiko du Donostiako Kursaalen datorren ekainaren 1ean, osteguna, eta bertara joateko doako autobus zerbitzua ahalbidetu dute. Getariatik, Oriotik, Zarauztik, eta Zumaiatik eskainiko dute zerbitzua, eta interesdunek maiatzaren 26a baino lehen erreserbatu beharko dute eserlekua. Horretarako, sarrera erosita izan beharko dute aurrez, eta Kursaaleko webgunean egin dezakete hori. Autobuserako erreserbak, berriz, tokian tokiko udalen edo eragileen bitartez egin beharko dituzte haiek ahalbidetu dituzten helbide elektronikoetara edo telefono zenbakietara deituta:

Frantziako orkestrak emanaldian joko dituzten piezak ere zehaztu dituzte. Bada, errepertorio klasikoko bi obra gailen aurkeztuko dituzte: Mozarten azken sinfonia eta Beethovenen hirugarren sinfonia apurtzailea, erromantizismo musikalaren hasieratzat jotzen dutena. 19:30ean hasiko da kontzertua eta doako autobusa 18:10ean abiatuko da Zumaiako zineko autobus geltokitik, 18:20ean egingo du geldialdia Getariako autobus geltokian, 18:30etan Zarauzko Sanz Enea autobus geltokian eta 18:40ean Orioko autobus geltokian.

Zerbitzua antolatu duen Kursaalak zehaztu du eskaintza bertan behera utziko duela gutxienez hamabost laguneko talde osatzen ez bada. Langabeek eta 30 urtetik beherako gazteek kontzerturako sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dituzte, autobusarekin bezalaxe, erreserba eginda. Emanaldiaren egunean bertan jasoko lukete sarrera Kursaaleko leihatilan eta libre geratu diren eserlekuen araberakoa izango da kokapena. Autobusa bertan behera geratuz gero, dirua itzuliko liekete horiei.