Zilarrezko domina bana eskuratu du Oriok Gipuzkoako trainerila ligan eta txapelketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 15a, 14:13
Orio Arraunketa Elkarteko trainerillak zilarrezko domina bana eskuratu ditu Gipuzkoako trainerilla ligan eta txapelketan.

Larunbatean, Gipuzkoako Trainerilla Ligako azken jardunaldia jokatu zen, eta igandean Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa.

Arraunketa egutegi korapilotsua dela eta, aurtengo trainerilla liga "oso motza" izan da; lau jardunaldi izan ditu eta sailkapen orokorrerako azken hiru estropadak bakarrik izan dituzte kontutan epaileek. Orio Arraunketa Elkarteak trainerilla bana aurkeztu du gizonezkoen senior mailako Gipuzkoako Trainerilla Ligara eta Federazio Kopara. Arraun elkartetik jakinarazi dutenez, azken jardunaldia larunbatean jokatu zen Hondarribian, eta sailkapen orokorrean A trainerilla bigarren sailkatu da Gipuzkoako Trainerilla Ligan eta B taldea hirugarren Federazio Kopan. Bestalde, emakumeek ez dute parte hartu trainerillen lehiaketan, "prestaketa desberdina daramatelako eta traineruarekin ari direlako buru-belarri lanean".

Igandean, berriz, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa jokatu zen Hondarribian bertan. Orioko arraun elkarteak senior gizonezkoen kategorian bakarrik hartu zuen parte, eta Zumaia, Hondarribia eta Donostiarra izan zituzten aurkari. Bidasoako taldea nagusitu zen estropadan eta bigarren postua oriotarrentzat izan zen; brontzezko domina, berriz, Donostiarrak lortu zuen. Bigarren postuaz gain, Ander Etxegoien oriotarren patroiak Ziaboga Onenaren saria ere jaso zuen.

Datorren igandean, Getarian Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da. Izen-ematea librea izango da eta oraindik ez dute zehaztu zenbat taldek parte hartuko duten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!