Paradak, Huegunek eta Elortzak Euskadiko txapelketan urrea irabazi dute

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 16a, 12:54

Orioko atletismo taldeko kideek emaitza onak lortu dituzte asteburuan pistan zein mendian, 18 eta 20 urtez azpikoen kategoriako Euskadiko Atletismo Txapelketa eta Zegama-Aizkorri jokatu baitira.

18 eta 20 urtez azpikoen kategoriako Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zen asteburuan Donostian, eta Orioko atletismo taldeko kideek emaitza onak lortu zituzten: Lucia Paradak, Sunhai Huegunek eta Xabat Elortzak urrezko domina irabazi zuten eta Ibai Agirrezabalek zilarrezkoa. Paradak eta Agirrezabalek 400 metrotako lasterketetan parte hartu zuten, 18 urte azpikoen kategorian;  Huegun 800 metroko lasterketan aritu zen, 18 urtez azpikoen kategorian eta Elortzak, berriz, 3.000 metroko oztopo-lasterketan, 20 urtez azpikoen kategorian.

Pistan ez ezik, Orioko Kamel Ziani Atletismo Taldeko hainbat kidek Zegama-Aizkorri mendi lasterketan ere parte hartu zuten asteburuan. Ibai Makazaga 4:33:14 denbora eginda, 57. postuan sailkatu zen; Joxe Mari Errasti 96. postuan, ibilbidea 4:50:35 denboran osatuta, eta Gotzon Iruretagoiena 127.-a izan zen 5:06:01 denbora eginda. Atletismo taldetik azaldu dutenez, Errasti "zortzi hilabetez lesionatuta egon da eta asteburukoa izan da bere lehen lasterketa luzea lesioaren ondoren". Aurtengo edizioan Makazaga eta Errasti bost orduetatik jaitsi direnez, datorren urteko Zegama Aizkorri mendi lasterketan parte hartzeko dortsala lortu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!