Joskintza, belaunaldien arteko zubi

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 21a, 13:00
Ostargiko hainbat kide joskintza tailerrean. (Aiora Larrañaga)

Joskintza modan jarri da Orion, eta gaur-gaurkoz, ehun herritar baino gehiago pasatzen dira astero Ostargi elkarteak Kultur Etxeko beheko solairuan duen tailerretik. Hiru hamarkada ditu elkarteak, baina 2019tik garai berrietara egokitzeko prozesuan murgilduta dago. Hala, elkartearen jarduna ezagutzeko erreportajea landu zuen Karkarak maiatzeko aldizkarian. 

Ostargi elkarteak antolatzen dituen joskintza eskoletan oihal, hari eta josteko makina artean biltzen dira taldeka belaunaldi desberdinetako emakumeak, eta josten aritzeaz gain, lagun giroan egoteko tartea izaten da askorentzat. "Berez josten ikastera etortzen dira, baina badira adineko emakumeak guk geuk baino hobeto josten edo kakorratza edo puntua egiten dutenak. Azken batean, eurentzat beste emakumeekin harremantzeko aitzakia da, eta oso pozik gaude adin desberdinetako emakumeek beren tokia bilatu dutelako Ostargin, lortu dugulako belaunaldi desberdinetako emakumeak gerturatzea", azaldu du Marian Lazkano elkarteko presidenteak. 

2019 bukaeran-2020 hasieran hasi ziren Ostargiko joskintza saioak indarra hartzen herrian, baina elkarteak ibilbide luzea duela azpimarratu nahi izan dute gaur egungo zuzendaritza batzordeko kideek. "2019an Ostargik Rosaura Bravori proposatu zion joskintza irakaslea izatea. Urte bukaeran hasi zen eskolak ematen, eta lehen bi hilabeteetan doako saioak eman zituen jendeak joskintza ezagutu zezan. Hasieratik arrakasta izan zuen deialdiak, eta ehun lagunetik gora inskribatu ginen; itxaron zerrenda ere sortu behar izan zuten Rosauraren eskolek izan zuten erantzun ona ikusita", gogoratu du Lazkanok. 

Dena dela, "ez da erraza" bat-batean horrenbeste pertsona biltzen dituen ikastaroa antolatzea eta kudeatzea, eta garaiko zuzendaritzak hasiberriei proposatu zien batzordean sartzea. Zazpi lagun juntatu ziren zuzendaritza batzorde berria osatzeko eta lekukoa hartzeko, tartean Marian Lazkano eta Rosaura Bravo bera, baina Ostargiren etapa berrian ezusteko handi batekin topo egin zuten: martxoan mundua geratu zuen izurritea iritsi zen. 

Borondatez egiten den lanaren aitortza

Elkarteko presidenteak uste du Ostargiri izurriteak "elkartearen etorkizunaz hausnartzeko eta talde bezala indartzeko" balio izan ziola. "Inon maskararik eta babes ekipamendu indibidualik ez zegoen garaian, gu Gipuzkoa mailan aurrenetakoak izan ginen antolatzen eta musukoak, mantalak eta jantzi bereziak egiten. Inork materialik ez zuenean, oihalezko musukoak eta plastikozko poltsa handiekin egindako babes jantziak josten hasi ginen". Hain zuzen ere, egindako lanaren errekonozimendu gisa, Borondatez Egiten den Lanaren aitortza Ostargiri eman zion Matia erakundeak 2021 hasieran. 

Ostargiko kideek egoeraren aurrean "azkar" erantzuten jakin zuten. Joskintza taldeko 20 emakume inguru beren artean antolatu ziren, etxean osasungintzarako materiala josten hasteko eta Gipuzkoa osoko osasun zentroetan banatzeko: Donostian, Tolosan, Zumaian eta Zarautzen, besteak beste. "Sare handia sortu genuen, eta denon elkarlanari esker izan zen hori posible. Lan polita egin genuen", gogoratu du Lazkanok. "Rosaurak bideo bat egin zuen bere etxetik maskarak nola josten ziren azalduz, eta gure artean partekatu genuen. Ni etortzen nintzen egunero Kultur Etxera materiala prestatzera, eta etxez etxe banatzen genuen taldeko kideen artean. Batzuetan nik banatzen nuen, baina beste batzuetan laguntzen ziguten Orioko Udalak herriko eragileekin batera sortu zuten Zaintza Sareko boluntarioek. Izan ere, itxialdi garaian herriko gazte asko aritu ziren etxetik atera ezin zutenei erosketak egiten laguntzen, eta horiek ere lagundu ziguten materiala partitzen". Atzera begiratu eta egindakoa gogoratutakoan, "hunkitu" egiten dira ekimenean parte hartu zuten Ostargiko kideak, eta egoera zail horri erantzuna eman eta antolatzeko izan zuten gaitasunaz "harro" daude. 

Betiko filosofia garai berrietara egokituz

Izurriteak elkartearen erronka berriez hausnartzeko beta ere eman zien zuzendaritzako kideei. "Hasieratik argi genuen Ostargi zela aterki bat lehendik zetozen talde eta ikastaroak eta berriak bilduko zituena. Elkartean urte asko zeramatzaten kideekin bilerak egin genituen. Badakigu aldaketek beti sortzen dutela kezka apur bat, eta onartu behar da jende guztia ez dela egoten guztiz ados berrikuntzekin". Baina atzera begiratuta, Lazkanok uste du jakin zutela "aldaketa nahiko ondo kudeatzen". "Oso eskertuta gaude hiru hamarkadetan zehar elkartea martxan izateko aurreko batzordeek egin duten lanarekin. Horregatik, beti gure asmoa izan da berrikuntzak egitea eta eguneratzea, baina Ostargiren filosofia jarraituz". Hala, azken urteetan joskintzako taldeak ez ezik, lehendik zetozen taldeak "indartzea" ere lortu dute: kakorratza, puntua, bolilloak, patronajea, killinga... "Eskaintza zabala badugu ere, adi-adi gaude eta ideia berriak ditugu. Ekainaren 12an, esaterako, kalean kakorratza eta puntua egiteko eguna izango da, eta aurten herriko plazara aterako gara. Badakigu Ostargira etortzen diren herritarrez gain, jende askok egiten duela kakorratza eta puntua etxean, eta nahi genuke guztiok bertan biltzea". Ildo horretan, iaz ekimen polita antolatu zutela azaldu du Ostargiko lehendakariak: manta solidario bat egin zuten. "Ezagunei eskatu genien etxean zuten artilearekin karratutxo bat josteko, eta asko jaso genituen". Horiekin guztiekin osatutako manta bat zozkatu zuten, eta bertan bildutako dirua Clara Campoamor Elkarteari eman zioten.

Birziklapenari eta arropari bigarren erabilera bat emateari ere garrantzi berezia ematen dio elkarteak. "Etxean dauzkagun arropa, gortina, koltxa eta beste hainbat etxeko arropa ekartzen dute herritar askok hona, eta horrekin gauza mordoa egiten ditugu: poltsak, motxilak, nezeserrak... Horretaz gain, badugu zerrendatxo bat bigarren eskuko arropa nahi duten herritarrena, batzuk dira ekonomikoki ondo ez daudenak, baina badira beste batzuk bigarren eskuko arropa erabiltzeko hautua egin dutenak ere". Hala, norbaitek arropa eramaten duenean, guraizea sartu aurretik, zerrenda horretako kideei komentatzen diete, zerbait aprobetxatu dezaketen ikus dezaten. Lazkanoren iritziz, elkarteak egiten duen "funtzio soziala" ere balioan jartzea garrantzitsua da. 

Ostargiko ikasle gazteak joskintza tailerrean. (Aiora Larrañaga)

Garai berrietara egokitzeko ahalegina egiten ari da elkartea, "jende gaztea" erakartzeko eta "elkarteari bizi-bizirik eusteko". Bide horretan, irudi eta webgune berria sortu berri dituzte. Hala ere, Ostargiren arrakastaren giltza lau pareta horien artean sortzen den "giro ederra" dela uste du elkarteko lehendakariak: "Oso goxo hartzen ditugu denak, eta harreman oso politak sortzen dira, gainera", azaldu du. "Bakoitzak bere proiektua lantzen du, baina garrantzitsuena ez da nola josten den, sortzen den lagunarteko giroa baizik. Belaunaldien arteko zubia bihurtu da Ostargi, eta norberak duen jakintza partekatzeko lekua da, ez joskintza arloan bakarrik, bizitzako arlo desberdinetan baizik. Modu naturalean gauza askotaz hitz egiten dugu josten ari garen bitartean, eta bizitzan izandako esperientziak partekatzen ditugu adin desberdinetako emakumeok elkarrengandik ikasiz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!