Emakume erail bati*

Ane Zubeldia 2023ko mai. 22a, 13:00

Ane Zubeldiak aspaldi idatzitako poema bat berreskuratu du pasa den asteko hilketa matxistaren arira.

Nostalgia goibelez, akaso uste duzu
ahanzturaren bazka dela orain zure bizia
baina nik lurpean imajinatzen zaitut, ahizpa:
zure min arindu gabea landaretxo txikiak elikatzen.
Gorputza ubel,
eskuak arnasari betiko eusten,
lurpean gordeko zaitut,
kontu handiz.

Utzi genituen
zure begiak bakarrik
heriotzaren irudi gogorrari so,
baina nik ere hor egon nahi nuen zurekin, ahizpa,
nahi nuke hor egon izan bagina denok
kale hartan
kanoi-zulo horiei so,
zure begien ondoan.

Ze orain ez dakit lurperaino helduko ote diren
gure ahots goratuak oihuka.
Ez dakit helduko ote diren gure ahots goratuak lurperaino,

ze gehiegitan errezitatu dugu poema hau,
gehiegitan errezitatu dugu poema hau,

eta oraindik ere
begi makur berberak ditugu
aurrez aurre.

Guk, ahizpa,
egunero egiten dugu gure gorputz bizien alde,
josten gatzaizkio elkarri
babesteko gure
desira
eta izateak,
diren moduko.

Badakit, ahizpa,
beranduegi da,
orain
lo sakonean zaude. Baina entzun:
nik zurekin egon nahi dut; ez zaude bakarrik.

*Letra etzanez idatzitako zatiak Luis Cernudaren Niño muerto poematik itzulitakoak dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!