Udal eta foru hauteskundeak 2023

Oriotarrak hasi dira botoa ematen

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 28a, 10:01

Goizean goiz, hauteslekuak ireki orduko jende askok eman du botoa Orion, batzuk ohituraz eta beste askok Kukuarri Eguna ospatzera tontorrera igo aurretik bozkatu nahi izan zutelako.

Udal eta foru hauteskundeak dira gaur eta goizean goizetik giro berezia nabari zen herrian. 09:00etarako ireki dituzte hauteslekuak, eta asko izan dira goizeko lehen orduetan bertaratu diren herritarrak. Batzuk, adineko pertsonek batez ere, ohitura dute goiz bozkatzeko eta hauteslekuak irekitzeko zain izan dira 09:00etarako. Gaurkoan, gainera, goiztiarrei Kukuarrira igotzeko asmoa zuten herritarrak ere gehitu zaizkie. Izan ere, asko izan dira mendiko arropa soinean tontorrera abiatu aurretik hauteslekuetara bertaratu direnak oriotarrak, gaur Kukuarri Eguna ospatuko baitute bertan.

Orion hiru hautesleku atondu dituzte: Ikastola, Kultur Etxea eta udaletxean. Hain zuzen ere, azken horretan eman dute botoa EH Bilduko eta EAJko alkategaiek. Anuska Esnal EH Bilduko alkategaia 09:30ak inguruan bertaratu da. EAJko alkategai Noemi Ostolaza, berriz, eguerdian iritsi da. Ostolazak botoa eman duen mahaian EH Bilduko ikuskatzaile gisa lanean ari zen Esnal, eta Ostolazak botoa eman ondoren bi alkategaiak elkar agurtu dira eta zorte ona opatu diote elkarri eskua emanez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!