Gasteizko hilketa matxista salatu dute gaur Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 30a, 19:31
Gaur elkarretaratzea egin dute plazan Gasteizko hilketa matxista salatzeko. (Aiora Larrañaga Solaberrieta

Uste dute indarkeria matxistak "ez duela etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoa amaitu arte". Hala, erasotzaileei aurre egitea "jendarte guztiaren ardura" dela gogorarazi dute elkarretaratzean.

Gasteizen 32 urteko emakumezko baten hilotza aurkitu zuten igandean apartamentu hotel bateko logela batean, bortxa zantzuekin. Ertzaintzak adierazi duenez, indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira kasua, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute dagoeneko Zaragozan. Orioko hilketarekin batera, bi asteren barruan Euskal Herrian gertatzen den bigarren hilketa matxista da, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Orioko Herriko Plazan, Orioko mugimendu feministak deituta.

Elkarretaratzean Orioko mugimendu feministak azaldu du kasu honetan "indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio" izan dituela, "umeen kontrako biolentzia" ere gertatu delako, hain zuzen ere. Izan ere, "Maialen, erail duten emakumea, haurdun zegoen, eta berarekin zegoen hiru urteko semea ere, bikotekide ohiak erail zuenean. Beraz, bere umea ere indarkeria matxistaren zuzeneko biktima da ", azaldu dute.

Horrez gain, mugimendu feministako kideek uste dute epaitegiei eta Ertzaintzari "indarkeria matxistarekin amaitzeko estrategia integral osoa falta" zaiela. "Maialen Valentzian bizi zen orain dela gutxi arte eta bertan muturreko arrisku biktima gisa katalogatuta zegoen eta haren hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita. Euskal Herrira bueltatu zenean, ordea, Ertzaintzak arrisku kategoria oinarrizko kategoriara jaitsi zion", salatu dute.

Orioko mugimendu feministak "elkartasuna" adierazi die Maialenen familiari eta lagunei, eta "nazkatuta" daudela ozen aldarrikatu dute. Uste dute indarkeria matxistak "ez duela etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoa amaitu arte". Hala, erasotzaileei aurre egitea "jendarte guztiaren ardura" dela gogorarazi dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!