Bosgarren urtez jarraian irabazi du Badok 13 beteranoen taldeak Gipuzkoako Traineruen Txapelketa

Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 11:45
Igandean Zarautzen jokatutako traineru txapelketan, Badok 13. (Badok 13)

Pasa den igandean Zarautzen jokatu zen Gipuzkoako Traineruen Txapelketa, eta Fortunari bi segundoko aldea aterata gailendu zen lehiaketan, Badok 13.

Orioko Badok 13 arraunlari beteranoen taldea Gipuzkoako Traineruen txapeldun izan zen igandean Zarautzen jokatu zen txapelketan. Sasoi betean da taldea, izan ere, bosgarren urtez jarraian irabazi du aipatutako kirol proba.

Beteranoen mailan lau traineru aurkeztu ziren txapelketara pasa den igandean, Zarautzen; Illunbe, Zumaia, Fortuna eta Badok 13, hurrenez hurren. Hasieratik estropada lehiakorra izan zen oso. Beteranoek, emakumezkoek bezalaxe joan-etorriko jarduna izaten dute ziaboga bakarrera eta bi faboritoak oso parean iritsi ziren ziabogara, Orioko Badok 13 segundo bakarreko aldea bazuen ere Fortunarekiko. Poparean bi ontziak ongi moldatu baziren ere, amaieran Orioko Badok 13 izan zen garaile eta bi segundoko aldea atera zion Fortunari.

Euskadiko Traineru Txapelketa, igandean

Txapelketek ez dute etenik eta datorren ekainak 11n, igandearekin, Ondarroan jokatuko den Euskadiko Traineru Txapelketan izango da Badok 13. 

Bestalde, beteranoen ABE ligari dagokionez, Badok 13 hirugarren postuan da sailkapen nagusian. Lau estropada jokatu dira orain arte eta Badok 13 Orioko beteranoek bandera bat irabazi dute, Mundakako Ikurrina, hain zuzen ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!