Orio hartuko du Hondartzako Eskubaloi Txapelketak

Andrea Zipitria 2023ko eka. 7a, 15:41
2021eko txapelketan, Orio Eragin taldeko jokalari bat lehia erdian. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Larunbatean eta igandean jokatuko dituzte Euskadiko Txapelketako partidak Antillan. 60 talde eta 150 partida baino gehiago ikusteko aukera izango da.

Euskadiko Hondartzako Eskubaloi Txapelketaren hirugarren edizioa jokatuko dute asteburu honetan Orion. Larunbatean eta igandean egun osoan izango dira partidak Antilla hondartzan, 09:30etik aurrera. Senior, jubenil eta kadete kategorietan jokatuko dute txapelketa, eta aurtengo berrikuntza da lehen aldiz antolaketa guztia Orio Eragin eskubaloi klubak bere gain hartu duela; "nahiz eta Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izan eta federazioak lagundu, ez du parte hartu antolaketan", argitu du antolatzaile taldeko Ander Agotek.

Hondartzako eskubaloia "pixkanaka goraka" doan modalitate bat da, eta federazioa azken urteetan hari "indarra eman nahian" ari da. Horren adibide da asteburu honetako jardunaldia. Aurten, gainera, modalitate horretako liga bat osatu dute. Horren harira, Agotek zehaztu du, horietako saio bat herrian izatea "ohorea" dela. 

"Eskubaloia modalitate guztietan sustatzea" du helburu txapelketak, baina baita "kluben arteko lankidetza indartzea, udako oporraldia eta kirol jarduera uztartzea eta udalerrian eragin positiboa izango duten kirol ekintzak sustatzea" ere.
60 talde inguruk parte hartuko dute asteburuko txapelketan. Gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izango dira; Zumaia, Zarautz, Getxo, Bermeo, Zumarraga, Basauri, Muskiz, eta Etxebarri, besteak beste. Noski, oriotarrak ere tartean izango dira herriko jardunaldian.

Hondartza eskubaloiaren epizentro bilakatuko da, beraz, Orioko hondartza bi egunez. Antolatzaileek espero dute "azken urteetan izandako festa errepikatzea" eta, batez ere, "herrian giroa sortzen jarraitzea". 

Datu praktikoak ere eman dituzte antolatzaileek: joko eremuak hondartzaren goiko aldean kokatuko dira, boleibol zelaia egon ohi den inguruan.

Larunbateko partidek egun osoa hartuko dute: 09:30etik 20:00etara izango dira, bazkaltzeko etenaldiarekin. Igandean, berriz, laburragoa izango da jardunaldia: 09:30etik 17:30era bitartean jokatuko dituzte bai partidak, bai finalak. 
Bi egunetan 150 partidatik gora izango dira Orioko hondartzan.

II. Eragin Eguna

Bestalde, denboraldia borobiltze aldera, II. Eragin Eguna antolatu du Orio Eragin klubak ekainaren 24rako. Festa egunari ekiteko, gurasoen eta jokalarien arteko lagunarteko partidak jokatuko dituzte goiz partean. Behin kirol pixka bat eginda, trikipoteoaren, bazkariaren eta erromeriaren txanda izango da.

Bazkarian parte hartu nahi dutenek sarrerak salgai izango dituzte ekainaren 11 arte Gabon, Arkaitz, Sukia eta Kolon Txiki tabernetan. Helduen menuak 20 euro balioko du, eta gazteenak 15 euro. Menuari buruzko xehetasunak ere eman dituzte antolatzaileek: entsalada, paella, txokolatezko euskal pastela eta edaria izango dira helduentzat. Haurrek ere antzeko menua izango dute: paella, txokolatezko euskal pastela eta edaria, hain zuzen ere

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!