Uztailaren 3tik aurrera martxan izango da txu-txu trena

Andrea Zipitria 2023ko eka. 12a, 09:30

Uztailaren 3tik irailaren 10era izango da martxan txu-txu zerbitzua. Aurten, bi aldaketa izango ditu: kanpoko enpresa batek kudeatuko du, eta beste tren bat erabiliko da. Gainera, txartelak turismo bulegoan eta kanpinean erosi beharko dira, eta ibilbidea Anibarko Porturaino luzatuko da.

Uztailaren 3an jarriko da martxan txu-txu trenaren zerbitzua, eta irailaren 10era arte izango da martxan. Aurten, ordea, aldaketak izango dira; kanpoko enpresa batek emango du, eta beste tren bat erabiliko da, ez orain artekoa.

Orioko Udalak urte hasieran kaleratu zuen txu-txu trenaren zerbitzua adjudikatzeko lizitazioa, eta Prodille Espectacles SL enpresari adjudikatu zaio zerbitzua. Hala, enpresa hori arduratuko da txu-txu trena jartzeaz eta gidariak kontratatzeaz.

Beste berrikuntzetako bat izango da ibilbidea Anibarko Portura luzatuko dela. Hortaz, txu-txu trenak egunero lotuko ditu hondartza, herrigunea eta eta Anibarko Portua, 11:30etik 14:00era eta 16:05etik 20:30era artean. Prezioari dagokionez, iazko prezio bera izango dute bidaiek: 1,50 euro balioko du joan-etorriko bidaiak, sei euro 10 joan-etorriko bonuak.

Turismo bulegoan edo kanpinean erosi beharko dira txartelak. Turismo bulegoan, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da horretarako aukera; eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara. Kanpinean, berriz, egunero, 08:00etatik 22:00etara.

Ibilbidea eta geldialdiak
  • Ikastolatik irtengo da
  • Bikamiotako biribilgunean, geldialdia
  • Hondartzan, geldialdia
  • Bikamiotako biribilgunean, geldialdia
  • Ikastolan, geldialdia
  • Anibarko Portuan, geldialdia (autobus geltokian, ez da auzora sartuko)
  • Txankako errotondan bira, eta Ikastolara buelta

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide