"Erantzun ona" izan du Orioko boluntario taldeak antolatutako janari bilketak

Andrea Zipitria 2023ko eka. 21a, 09:08

Oinarrizko elikagaien prezioen igoerak herriko familietan eragina izan duela aitortu dute, "lehen hilabete bukaerara iristeko zailtasunak zituzten asko, orain ez dira ailegatzen".

Orioko boluntario taldeak janari-bilketa egin zuen ekainaren 9an, eta herritarren erantzuna "oso ona" izan dela azaldu dute kideek. Bildutako guztia Caritasera bideratu dute, Orion behar gehien duten herritarren artea banatu dezaten. Izan ere, pobreziak nabarmen "gora" egin duela azaldu dute boluntario lanetan ibiltzen den herriko taldeko kideek. Gizarte mailan "desberdintasunak" handiagoak dira, baita "desorekak" ere; "lehen beharbada urruti ikusten genituen egoera horiek, pobrezia orokorrean, baina gero eta gertuago daude eta Orioko herritarren egoera ere gero eta zailagoa da", zehaztu dute. Hori ikusita, arazo ekonomikoak dituzten herritarrei laguntzeko helburuarekin antolatu zuten janari-bilketa ekainaren hasieran.

Elkarteko ordezkariek jakinarazi dutenez, "janari asko" bildu dute, eta "oso gustura" daude herritarren erantzunarekin; batez ere, esnea, olioa, arroza, dilistak, arrain-kontserbak eta txokolatea jaso zituzten, laguntza behar duten "familia horietako askok horrelako gauzak behar izaten dituztelako".

Momentuaren araberako bilketak

Janari-bilketak momentuko beharraren arabera antolatzen dituztela ere azaldu dute, hau da, ez dute agenda zehatzik. Azken boladako joera erreparatuta, "asko igo dira jaki guztien prezioak, eta horrek eragina izan du janaria biltzen duten gobernuz kanpoko erakundeetan; askoz ere gutxiago ari direlako jasotzen". Arrazoi hori tarteko antolatu zuten janari bilketa Orion, herriko familiei laguntzeko.

Azken finean, modu batera edo bestera, "guztiok estutu behar izan dugu", adierazi dute. "Lehen hilabete bukaerara larri iristen zirenak, orain ez dira ailegatzen", eta gainera, "egoera horretan egoteak lotsa puntua sortzen die askotan herritarrei". Hain zuzen ere, azaldu dute herritar asko ez direla janari eske joaten elkarteetara, "lotsagatik"; "gaur egungo gizartean etiketak jartzen baititugu".

Boluntario taldea, saiatu da baita ere arropa bilketa bat antolatzen, baina ez egitea erabaki dute. "Ekimen hori kudeatzean ez genuen zailtasunik ikusten, anonimotasuna mantentzea, ordea, bai" iritzi diote.
Beraien jardunarekin jarraituko dute aurrerantzean ere. Momentuz, "sentsibilizazio kanpaina" jarri dute martxan, eta erantzuna emango diete aurrerantzean sortzen diren "bertako edota kanpoko beharrei".

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!