Traineru denboraldia aurkeztuko du gaur Orio Arraunketa Elkarteak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 16a, 11:54
2022ko traineru denboraldiaren aurkezpena. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Ekitaldia 18:30ean izango da herriko plazan, eta elkarteko arraunlariez gain, herriko gainontzeko kirol taldeetako ordezkariak ere bertan izango dira.

Orio Arraunketa Elkarteak traineru denboraldia aurkeztuko du gaur arratsaldean herriko plazan. Kategoria guztietako 200 arraunlari inguru eta talde tekniko guztia bilduko dituzte ekitaldian: arraunlari, entrenatzaile, prestatzaile, mediku, fisioterapeuta, kirol zuzendari eta presidentea, guztiak bertan izango dira. Traineruaren aurrean denboraldiko argazkia aterako dute, eta #nioriorekin bazkide kanpaina abian jarri. Hain zuzen ere, aurten herriko kirol talde guztiei aitortza egingo die arraun elkarteak, egiten duten lana balioan jartzeko, "Orioko kirol talde guztiak ontzi berean goazelako". 

Orio Arraunketa Elkarteko denda ere zabalik izango da gaur plazan. Herritarrak aurkezpenera gonbidatu dituzte arraun elkarteko ordezkariek. 18:30ean izango da hitzordua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!