Herrian galdezka: Zer sumatzen duzu faltan uda garaian herrian?

Erredakzioa 2023ko eka. 18a, 09:13
Ane Saizarrek parte hartu zuen ekaineko aldizkarian Herrian Galdezka atalean. (Aiora LarraƱaga)

Ekaineko Karkara aldizkarian kalera atera dira kazetariak oriotarrek uda garaian faltan zer sumatzen duten galdetzera.

ANE SAIZAR

"Gu gustura gaude herriak eskaintzen duen eskaintzarekin uda garaian. Egunero hondartzara joateko ohitura dugu, beraz, izaten dugu plana. Eskatzen duguna da eguraldi ona egitea. Uda garairako antolatzen diren ekintzak ere egokiak izaten dira. Aire zabaleko zinema, esaterako, asko gustatzen zaigu. Gehiagotan antolatuko balute, primerakoa litzateke. Udan ekitaldi mordoa egoten dira, eta oso gustura gaude, beharrak asetuta ditugu, baina familian komentatu izan dugu negurako nahi genukeela haurrentzako parke edo espazio estali bat izatea herrian. Ikastolaren ingurua guztiz irekia da, eta beharko litzateke aterpe handi bat herrigunean bertan, Zaragueta Eskolan dagoen bezala".

 

ISABEL LOPEZ

"Nik uste dut uda garairako haur eta nerabeentzat eskaintza zabalagoa eskaini beharko lukeela herriak. Badakit Txurrumuskik antolatzen dituen udaleku irekiak eta Gazte Abenturak badaudela, baita kirol ikastaroak ere. Hala ere, arratsaldeetarako bestelako jarduerak antolatzea ere egokia litzatekeela iruditzen zait; kale animazioa, esaterako. Gazteei bideratutako jarduera gehiago izatea ere egokia litzateke, beste herrietara joan behar izaten dute-eta. Uda sasoian niri lasai egotea gustatzen zait; gutxi joaten naiz hondartzara, semea txikia zenean hondartzara joateaz nazkatu egin nintzelako. Nahiago dut ibiltzera atera eta inguruak eskaintzen duen lasaitasuna aprobetxatu, horretarako toki paregabean bizi gara eta".

 

PEDRO SALSAMENDI

"Nik neuk ez dut ezer faltan sumatzen uda partean herrian; gustura bizi naiz. Beti esaten dut hobeto egotea kalterako izango litzatekeela. Udako eskaintzari dagokionez, asko gustatzen zaizkit plazan antolatzen dituzten jaialdi, ekitaldi eta festak. Giro ederra jartzen dute eta uste dut lehen ez zela horrelako anbienterik antzematen herrian. Ez zen orain beste jende biltzen antolatzen ziren ekitaldietan, eta nabaritzen da jendea gustura eta pozik bizi dela Orion. Nire ingurukoek ere sentipen bera dute, gure artean komentatzen dugu, gainera. Nik 53 urtez harategian goizetik gauera lan egin izan nuen, kartzelan bezala, eta niretzat oso atsegina da orain hondartza aldera ibiltzera joatea. Egunero egiten dut buelta".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!