LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrikapenen alde lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du Orioko Udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 18a, 11:27
Moilatik N-634 errepidera igotzeko eskilarak atzo margotu zituzten. (Orioko Ahalduntze Eskola)

Salatu dute LGTBIQ+ kolektiboaren ekitaldien berri ematen duten kartelak herriko paneletatik kendu dituztela batzuek, eta Orioko Udalak horrelako jokabideak "erabat gaitzesten" dituela jakinarazi du.

Ekainaren 28a izango da LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, Orioko LGTBIQ+ komunitateko kideak Ibai ondo kaletik eta moilatik N-634 errepideko zubira igotzeko eskailerak ostadarraren koloreekin margotzen ari dira, lehendik emandako kolorea dagoeneko oso ajatua zegoelako.

Bestetik, LGTBIQ+ komunitatearen aldeko banderolak saltzen ari dira Orioko Emakumeen Ahalduntze Eskolan, eta salatu dute kolektiboaren ekitaldien berri ematen duten kartelak herriko paneletatik kendu dituztela batzuek. Orioko Udalak horrelako jokabideak "erabat gaitzesten" dituela jakinarazi du, eta "kolektiboaren ikusgarritasunaren eta aldarrikapenaren alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoa" adierazi du. Azaldu du lanketa-prozesu hori Ahalduntze Eskolaren bidez bideratuko dela.

Diagnostikoa

Orioko Udalaren aditzera eman duenez, Orioko Ahalduntze Eskola zuzentzen duen Pertzertik Elkarteak 2019an egin zuen diagnostikoan LGTBIQ+ kolektiboko kideek "testigantza adierazgarriak" bildu zituzten. Hala, bertan jaso zuten hainbat herritarrek "presio soziala, begiradak edota komentario iraingarriak" jasaten dituztela "sexu bereko bikote-harremanak aske adierazteagatik eta genero bakoitzari egotzitako jokabide eta roletatik urruntzeagatik". Horregatik, herri mailan "matxismoa, sexismoa eta lgtbiq+fobiaren inguruan sentsibilizazio-lana egiteko beharra" nabarmendu zuten txostenaren egileek, "modu intersekzional eta zeharkakoan, denok norabide berean jarduteko: familietan, eskoletan, Udalean, kalean…"

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!