Traineru denboraldia aurkeztu du Orio Arraunketa Elkarteak ia 200 arraunlari elkartuta

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 17a, 14:00

Arraun eskolako 115 neska-mutilak eta hiru talde seniorrak txalo artean hartu zituzten herritarrek atzo arratsaldean plazan, eta klubak herriko beste kirol elkarteei aitortza egiteko aprobetxatu zuen aurkezpen ekitaldia.

Urtero bezala, OAE Orio Arraunketa Elkarteak herriko plazan egin zuen traineru denboraldiaren aurkezpena, eta kategoria guztietako arraunlariak eta horien entrentzaile eta prestatzaileak bertaratu ziren. Traineru horiaren atzean jarri ziren arraunlari gazteenak aurrena, eta hiru talde seniorrak azkenik. Denen izenak banan-banan esan zituzten, eta herritarrek txalo artean hartu zituzten.

Ni Oriorekin kanpaina abiatu dute aurten ere, eta aurtengoan herriko beste kirol taldeei egin nahi izan die aitortza arraun klubak. Hala, ekitaldiaren amaieran denen aurrean jarri ziren: lau arraunlari OAEren izenean; Talaimendi mendi elkartearen izenean Sara Peña –haren taldekide bat joan zen bere partez–; herri kiroletako ordezkari, Joseba eta Udane Ostolaza; Orioko Futbol Taldearen izenean Arkaitz Agirre eta Maria Eugenia Atxega; atletismo taldeko ordezkari, Aitor Rubio eta Kamel Ziani –azken horrek ezin izan zuen bertaratu–; Orio Eragin eskubaloi taldearen izenean, Alazne Arrillaga eta Maria Azkue; eta Berdin-berdinak taldetik, Miren Salsamendi eta Danel Zumeta.

Aulki mugikorrari garrantzia

Iosu Esnaola presidenteak hainbat ideia azpimarratu zituen. Batetik, esan zuen aurten "aulki mugikorraren aldeko apustua" egin duela klubak: "Aurrerantzean presentzia eta indar gehiago emango diogu aulki mugikorrari. Zergatik? Orio arraunketa olinpikoa ere badelako. Eta bada garaia munduan hain ezaguna den arraunketa horretan, berriz, gure lekua hartzeko".

Arraun eskolan arraunean ari diren 115 gazteez eta proiektu horretaz ere aritu zen: "Egitura sendo bat dago hemen, proiektu bat. Ikasteko gogoa duten gazteak, entrenatzaile onak eta denak kirol zuzendaritza baten linean lanean. 10 urterekin hasten dira arraunean eta goi mailara arte eskilara guztiak banaka-banaka igotzeko aukera daukate eliteko arraunlariak izan arte. Eta elitera iristen ez badira ere, gure baloreekin hezitako gazteak izango dira beti: oriotartasuna eta herriarekiko loturarekin, profesionaltasun eta sakrifizioarekin, eta umiltasun, errespetu eta inklusio baloreekin".

Nesken eta mutilen talde seniorrentzat ere izan zituen hitz batzuk presidenteak: "Hemen dituzue beste 60 arraunlari eta beraien prestatzaileak. Nabarmena da harrobiko lana, ikusi besterik ez dago. Iaz arraunean ez zekiten arraunlari bat baino gehiago daude hemen", esan zuen.

Esnaolak eskerrak eman zizkien udalari, afizioari, proiektua babesten duten guztiei eta hiru traineru nagusietako prestatzaileei, eta gogoratu zuen OAEaren denda zabalik dela eta bazkide egiteko aukera ere badutela herritarrek. Uda osoan zehar Itziar Kirolak arropa dendan eros daiteke klubeko arropa, baita klubaren webgunean ere.

Bazkidetza ere online egin daiteke, edo klubera nahiz dendara joanda.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!