Arraun hitzorduz gainezka helduko dira datozen asteburuak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 20a, 13:01
Orio Arraunketa Elkarteko neskak zortzikoan uretaratzen. (Aiora Larrañaga)

Arraunketa olinpikoko Espainiako Txapelketa jokatuko dute asteburuan Orio Arraunketa Elkarteko hamabi taldek. Bestalde, Orio Orialki B gizonen taldeak KAE 2 Ligari hasiera emango dio Mutrikun.

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak ilusioz gainezka dabiltza azken asteetan. Alde batetik, gazteak arraunketa olinpikoko denboraldia bukatzen ari dira eta hitzordu garrantzitsuak izango dituzte datozen asteetan. Bestetik, seniorrek traineru denboraldia hastear dute, eta uretara ateratzeko irrikaz daude arraunlariak.

Gazteek aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa  jokatuko dute datozen asteetan. Datorren asteburuan, hilaren 23tik 25era, esaterako, Espainiako Txapelketa Banyolasen (Herrialde Katalanak) jokatuko dute kadete, jubenil, 23 urte azpiko eta absolutu eta arraunketa egokitu mailako arraunlariek. Guztira, Orio Arraunketa Elkarteak hamabi ontzi aurkeztuko ditu txapelketara: sei kadete, hiru jubenil, 23 urte azpiko ontzi bat eta absolutu mailako bi ontzi. Hori dela eta, 50 laguneko taldea joango da Kataluniara, "estropada txukun eta duina" egiteko asmoz. Bihar abiatuko da erremolkea ontzi guztiekin, eta ostegun goizean irtengo dira arraunlariak, entrenatzaileak eta elkarteko ordezkariak.

Uztailaren 7tik 9ra bitartean, bestalde, infantilek eta beteranoek jokatuko dute Espainiako Txapelketa Castrelo Do Miñon (Galizia).

KAE2 liga

Orio Arraunketa Elkarteko gizonen Orio Orialki B taldeak asteburuan emango dio hasiera KAE2 traineru ligari. Mutrikun jokatuko dute lehenengo jardunaldia, 17:00etan hasita, eta Mutrikuko VII. Yurrita Group Bandera izango dute jokoan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!