Mertakaritza sustatzeko plana jarriko du martxan Orioko Udalak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 25a, 12:30
Sotoak berreskuratuko ditu udalak, ekipamenduetarako. (Aiora Larrañaga)

Merkataritza planaren barruan azterketa egingo du Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Federazioak; batetik, erosleei inkestak egingo dizkie eta bestetik teknikariak merkatariekin bilduko dira elkarrizketak egiteko.

Orioko Udalak ekonomia zirkularra bultzatu nahi du herrian, eta horretarako merkataritza sustatzeko plana jarriko du martxan. Horren baitan, azterketa sakona egingo dute teknologia berriek eta merkataritza-gune handiek tokiko saltoki txikietan duten eragina neurtzeko. Plana herriko merkatariekin elkarlanean abiatu du Orioko Udalak, Arkupe elkartearekin laguntzarekin, eta azterketa-lana Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Federazioak egingo du.

Azterketak bi zati izango ditu. Batetik, erosleei inkestak egingo dizkiete, "herriko eskaintza eta eskariaren azterketa egiteko eta ehun komertzialaren ezaugarriak eta kontsumitzaileen portaerak ezagutzeko". Bestetik, Dendartean federazioko teknikariak merkatariekin bilduko dira elkarrizketak egiteko eta bilera irekiak ere egingo dituzte.

Azterketako emaitzak udazkenerako prest izatea espero du Orioko Udalak eta horietan oinarrituta herriko merkataritza indartzeko neurriak hartzea izango da hurrengo urratsa.

Belaunaldien arteko transmisioa

Herriko ehun komertziala bizirik eustea eta indartzea oso garrantzitsua da Orioko Udalarentzat. Horregatik, merkataritza planaren baitan, herriko establezimenduen irisgarritasuna eta kontsumitzaileen fluxuak aztertuko dute eta herrian negozio berriak jartzeko dauden aukerak ere landuko dituzte lokal hutsen erabilera sustatzeko. Horrez gain, "belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko bide-orri" bat ere garatu nahi dute. Izan ere, udaletik jakinarazi dutenez, "zenbait merkatari erretiroa hartzeko adinean egongo dira laster, eta negozioek jarraitu ahal izateko bultzada" eman nahi du Udalak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!