Manex Guenetxea bigarren izan da Euskadiko zailtasun eskalada txapelketan

Erredakzioa 2023ko eka. 27a, 09:17

Manex Guenetxea bigarren Euskadiko zailtasun eskalada txapelketan. (Nere Manterola)

18 urtez azpikoen finala jokatu zuen Guenetxeak Inurrategiren aurka eta lehia estua izan zen.

Larunbatean, ekainaren 24an, jokatu zen Euskadiko zailtasun eskalada txapelketa Derion. Ehun pertsona inguruk hartu zuten parte eta Manex Guenetxea oriotarra bigarren geratu zen 18 urtez azpiko kategorian. Finala "oso estua" izan zela nabarmendu dute bertaratu zirenek, aukera bakar batean osatu behar zutelako eskaladako bide bakarra. Bi eskalatzailek burutu zuten egin beharreko lana: Manex Inurrategi eta Manex Guenetxea. Finalera sailkatzeko lanetan Manex Inurrategik bide gehiago igo zituenez, hura izan zen txapeldun eta, Guenetxea oriotarra, berriz, txapeldunorde.

Guenetxea "oso pozik" agertu da txapelketan egindako lanarekin, arroka gehiago gustatzen zaion arren txapelketetan "asmatzen" ari delako. Oriotar gaztearen aitak eta anaiak ere parte hartu zuten txapelketan. Aita bigarren geratu zen beteranoetan, eta anaiak egin beharreko lan guztiak egin zituen; hamabi urte azpikoetan ez zen sailkapenik eman, denek izan zuten domina.