Larrañaga: "Gure helburua da gazteez osatutako taldea sendotzea"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 27a, 10:15
Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren taldeak bandera irabazi zuen larunbatean Mutrikun. (Joxemari Olasagasti)

Orio Arraun Elkarteko gizonen Orio Orialki bigarren taldeak bandera irabazi zuen larunbatean Mutrikun, KAE 2 Ligako lehen jardunaldian. Estropadaren balorazioa egin du Angel Larrañaga taldeko entrenatzaileak.

Angel Larrañaga (Tolosa, 1967) Orio Arraunketa Elkarteko senior mailako gizonen bigarren taldearen entrenatzailea gustura dago arraunlariek KAE 2 Ligan larunbatean egin zuten lanarekin. Izan ere, Mutrikun jokatu zen ligako lehen jardunaldian nagusi izan zen harrobiko gazteez osatutako oriotarren taldea.

Bandera irabazi duzue asteburuan. Espero al zenuten sailkapenaren buruan ibiltzerik?

Bai, uste genuen irabazteko aukerak izango genituela, baina jokatu arte ezin da jakin. Lekeitioko estropadan taldea oso ondo ibili zen, eta ligan ere emaitza politak lortu genitzakeela pentsatzen genuen. Hala ere, gure helburu nagusia beti da arraunlari gazteez osatutako taldea sendotzea, eta gazte horiei azaltzea gauzak ondo egitea dela inportanteena.

Bigarrenari hogei segundotik gora atera zenizkieten.

Itsasoari dagokionez ez zegoen alde handia kale batetik bestera. Beraz, mutilen gaitasuna izan zen emaitzaren giltza. Horrekin ez dugu esan nahi besteen gainetik gaudenik, egun horretan gauzak ondo egin ziren eta emaitzak lagundu zuen. Garaipenak puntuetan eskaintzen duen abantailak esperientzia gutxiagoko arraunlariak txalupara sartzeko aukera emango digu.

Motibatzeko bultzada al da lehen jardunaldian bandera irabaztea?

Bai, batez ere gure ligan. Arraunlari gazteak falta dira, eta KAE2 ligan talde gutxiago gaude. Estropada gutxiago direnez, garrantzitsua da hutsik ez egitea, edozein akats garesti ordainduko baita. 

Liga garaipenarekin hasita, mailaz igotzeko helburuak indarra hartzen al du?

Noski baietz, helburuetako bat bada liga irabaztea, baina ez da lehentasuna. Une honetan askoz garrantzitsuagoa da arraunlari gazteak formatzen jarraitzea. Goiko txalupa urruti dute oraindik, eta arraunlari hauek esperientzia hartu behar dute. Gaur egun, taldearen batez besteko adina 22 urtekoa da. Gehienak gaztetxotan hasi ziren elkartean arraunean eta mailaz maila joan dira; harrobiko mutilak dira. Badago boskote bat TKEko maila emango lukeena, baina gure ontzi nagusian sartzeko maila oso altua dago. Horregatik, pazientzia izan behar dute, beheko taldean arraunean egin, esperientzia hartu, saltoa egin ahal izateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!