Bisiguaren Festa uztailaren 14tik 16ra izango da

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 27a, 13:25

Uztailaren 3an, datorren astelehenean, jarriko dituzte salgai Bisiguaren Festako otorduetarako txartelak turismo bulegoan. 60 euro kostako da menua, eta lehen egunean salmenta oriotarrei irekia egongo da.

Uztailaren 14tik 16ra bitartean izango da Orion Bisiguaren Festa, eta atzo aurkezpen ekitaldia egin zuten herriko plazan. Bertan bildu ziren udaleko ordezkari politikoak: Anuska Esnal alkatea, Olatz Santamaria, Ainara Munduate, Iñaki Makazaga eta Lourdes Salsamendi, baita aurreko agintaldian turismo batzordeko kide izan zen Jose Angel Iparragirre ere. Esnalek aurkezpenean azaldu zuenez, Bisiguaren Festa "herriko kultura eta ondare naturala nabarmentzeko aukera bikaina" da. Ondare horren parte da gastronomia ere, eta herriko alkatearen esanetan, horren ardatza da herria berezi egiten duen parrila. "Errioaren bidez itsasoari lotuta bizi izan da Orio, eta itsasoak ogibide asko eman dizkie oriotarrei, tartean arrantza". Horregatik, Bisiguaren Festaren bidez omenaldia egin nahi diete herriko arrantzale guztiei, eta arrantzari lotutako lanbideei.

Bisiguaren Festa hiru egunez luzatuko da, eta lau otordu eskainiko dituzte: ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria, eta igandeko bazkaria. Horietako bakoitzean 220 lagunentzat tokia izango da. Menua 60 euro kostako da eta honako platerek osatuko dute: Lodosako zainzuriak, Tomate eta hegaluze entsalada, bakailo kokotxak saltsa berdean, bisigua parrilan erreta, postrea, kafea eta edaria.

Bisiguaren Festako otorduetan parte hartzeko txartelak uztailaren 3an, datorren astelehenean, jarriko dituzte salgai turismo bulegoan. Lehen egunean oriotarrek bakarrik izango dute txartelak erosteko aukera, eta uztailaren 4tik aurrera gainontzeko guztiei irekiko zaie salmenta. Adrian Garcia turismo teknikariak azaldu zuenez, "pertsona bakoitzak gehienez mahai bat erreserbatu" ahal izango due, hamar lagunentzat lekua, eta ez da onartuko pertsona batek zerbitzu berean mahai bat baino gehiago erreserbatzea. Ordainketa txartelak erosteko unean bertan egin beharko da txartelarekin edo eskudirutan. Telefonoz ere erosi ahalko dira txartelak, baina konfirmatzeko ordainketaren agiria erakutsi beharko da erreserba egin eta 24 orduko epean.

Jaialdi gastronomikoan parte hartuko dute herriko bederatzi parrileroek: Katxiña jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Martinez, Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola, Sarasua erretegiko Joseba Etxezarreta, Orioko Barra jatetxeko Unai Holgado, El Vaskito jatetxeko Iñaki Azkue eta Euskal Parrilako Aitor Atorrasagasti eta Aratz Arregi. Horiek ere aurkezpen ekitaldian izan ziren atzo eguerdian, eta lau bisigu prestatu zituzten bertaratu zirenen gozamenerako, herriko plaza bisigu erre usainez betez.

Egitaraua

Uztailak 14, ostirala
17:00-19:00. Haurrentzako tailerrak Mutiozabal Txoren ontziolan, Albaola Itsas Faktoriaren eskutik.
20:00. Aurkezpen ekitaldia plazan eta aitortza omenduari.
21:00. Afaria.

Uztailak 15, larunbata
12:00. Sagardo dastaketa.
12:00. Marmitakoa.
14:00. Bazkaria.
21:00. Afaria.

Uztailak 16, igandea
12:00. Bisigu lehiaketa.
14:00. Bazkaria

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!