Tourra dela eta hainbat edukiontzi lekualdatu eta kenduko dituzte gaurtik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 28a, 12:15
Hondakinen edukiontziak. (Aritz Mutiozabal)

Uztailaren 4ra arte iraungo du neurriak, eta aldaketak pairatuko dituzten herritarrei beren zaborra botatzeko alternatibak eskainiko zaizkie.

Astelehenean eskualdetik igaroko den Frantziako Tourra txirrindularitza lasterketak trafikoan ez ezik, zaborraren kudeaketan ere izango du eragina. Hori horrela, gaurtik uztailaren 4ra, asteartea, Orioko hainbat edukiontzi gune lekualdatu edota kenduko dituzte lasterketan parte hartuko duten txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Nolanahi ere, aldaketaren eragina pairatuko duten herritarrei bermatuko diete beren zaborra beste gune batean bota ahal izatea.

Zehazki, Aita Lertxundi kaleko 8. 22. eta 50. zenbakietako edukiontziak lekualdatuko dituzte eta gauza bera egingo dute Ainbarko portuan, Lusarbe merenderoan, eta Txanka aldeko 5. eta Benta aldeko 10. zenbakietan ere. Zaborra aipatu guneetan botatzen duten Orioko bizilagunek, gune bakoitzean izango dute zehaztuta beren zabor bilketa gune berria.

Horrez gain, San Martin auzoko Aizperro baserriaren inguruan dauden edukiontziak kenduko dituzte eta zaborra bertan botatzen duten herritarrek inguruko beste edukiontzietan izango dute alternatiba. Aldaketek iraun bitartean, orain arte bezala, hondakinak ondo sailkatzen jarraitzeko deia egiten diete herritarrei.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!