Orioko itsas ondareari buruzko bisita gidatuak izango dira udan

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 2a, 11:15

Uztaileko eta abuztuko larunbatetan izango dira, 11:00etan hasita, eta herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Parte hartu nahi duten herritarrek, izena eman beharko dute aurrez.

Orioko itsas ondareari buruzko bisita gidatuak antolatu ditu aurten ere Orioko turismo bulegoak, uda sasoirako. Atzo, Arrantzale Egunean, egin zuten lehen saioa, euskaraz. Datozenak, uztaileko eta abuztuko larunbatetan izango dira, 11:00etan hasita, eta herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan, turismo bulegotik abiatuta.

Bisitaren helburua "iraganera bidaia egitea izango da, modu atsegin eta dibulgatzailean". Hala, hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak eta balea-arrantza izango ditu hizpide, Begi Bistan aisialdiko zerbitzuen enpresako Violeta Bandresek.

Esan bezala, uztaileko eta abuztuko larunbat guztietan errepikatuko dituzte saioak, uztailaren 22an eta abuztuaren 12an izan ezik. Bi aste horietan, asteazkenez programatu da bisita (uztailaren 19an eta abuztuaren 9an). Hizkuntzak txandatuko dituzte. Hona hemen bisita gidatuen egutegia:

  • 2023-07-08: Gaztelaniaz
  • 2023-07-15: Euskaraz
  • 2023-07-19* Asteazkena: Gaztelaniaz
  • 2023-07-29: Euskaraz
  • 2023-08-05: Gaztelaniaz
  • 2023-08-09* Asteazkena: Euskaraz
  • 2023-08-19: Gaztelaniaz
  • 2023-08-26: Euskaraz
Izen-ematea

Bisitak hiru euroko prezioa du, eta aldez aurretik izena eman behar da turismo bulegoan (943 83 55 65, infoturismoa@orio.eus). Plazak mugatuak izango dira.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!