Traineru liga nagusiak hastear dira

Gorka Eizagirre - Onintza Lete Arrieta - Andrea Zipitria 2023ko eka. 30a, 12:21

A Coruñan emango diete hasiera asteburuan Eusko Label eta Euskotren ligei, eta Orioko Arraunketa Elkarteko gizonen eta emakumeen talde nagusiak bertan izango dira.

Uda iristearekin batera, ohikoa da traineru sasoiari hasiera ematea. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketek abiatu zuten denboraldia, eta KAE 1, ETE eta KAE 2 ligek hartu zuten lekukoa. Asteburu honetan, berriz, Eusko Label eta Euskotren ligei emango diete hasiera. Galiziako uretan jokatuko dituzte arraunlariek lehen estropadak –A Coruñan, hain zuzen ere–, eta herriko bi talde izango dira lehian: Orio Arraunketa Elkarteko gizonen eta emakumeen talde nagusiak. Hala, datozen hilabeteetarako dituzten asmoak ezagutu nahi izan ditu Karkarak.

Orio Arraunketa Elkarteak aurten ere talde bana izango du Euskotren eta Eusko Label ligetan. Emakumeen taldea "indartsu" dator; pasa den urteko eskifaia bera izango da, baja bakarra izan baitute, eta bi arraunlari berri dituzte taldean. Emaitzei dagokienez, "pasa den urteko emaitzak lortzea" gustatuko litzaioke Ane Arruti Orioko arraunlariari. Orain arte egindako lana ikusita, denboraldiak "itxura ona" duela azaldu du Arrutik. Hala ere, emaitza onenak jaitsieretan lortu dituztela dio; bi txapel jantzi dituzte.

Emakumezkoen ligan aurten zortzi traineruk parte hartuko dute lehen aldiz, eta horrek baliteke "jokatzeko modua aldatzea"; dena den, Orioko emakumezkoen taldeak argi du zein den helburua: "Estropada denetan irabaztera aterako gara".

Emakumezkoen trainerua ez bezala, Orioko gizonen taldea "erabat eraberrituta" aurkeztu da aurten. Andoni Campos arraunlariaren ustez, "sendotu" egin da taldea, nahiz eta azken bi estropadetako emaitzek ez lagundu. Hark adierazi du aurtengoan "fisikoki oso ondo prestatuta" dagoela gizonezkoen taldea, eta "lehiakortasuna barnean duen laguntasun familia" gisa definitu du tripulazioa; emaitza "onak eta goxoak" hala ateratzen direla dio, eta beraz, uda oparoa izango dutenaren ustetan daude taldeko kideak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!