Igeldoko historia eta istorioak

Karkara 2023ko uzt. 1a, 10:48
'Igeldoko histori eta istorioak' liburua aurkeztu zuten pasa den asteburuan Igeldon. (Iñaki Iturain)

Igeldoko historia eta istorioak liburuan Orioko hainbat baserritako kontuak ere ageri dira: Muniota, Benta eta Lusarbe. Baita,  Igeldoko apaiz izandako Fabian Loidi zenarenak ere.

Pasa den igande eguerdian, ekainak 25, liburu baten aurkezpena egin zuten Igeldoko plazan: Jabier Iraola Gabilondok idatzitako eta bere lan taldeak atondutako Igeldoko historia eta istorioak. Igeldoko Herri Kontseiluak argitaratu du, euskara hutsez.
Mila inguru argazki eta kontakizun daude jasota 560 orrialde dituen liburukotean. Lehen zatian, Igeldoko 119 baserri eta etxe ageri dira, bakoitzari atal bat emanda, bertan bizi izandako familiei buruzko informazioarekin eta baserriaren historia eta istorioekin. Bigarrenean, beste zenbait gai ageri dira: itsasaldeko arrokak, eskola, eliza, 1936ko gerra, lana, harrobiak, iturriak, jai giroa, kirolak, ohiturak, ondarea eta beste hamaika kontu.

Igeldoko herriak Orio, Aginaga, Usurbil eta Ibaetarekin muga egiten duen aldetik, herri horietako baserriak ere ageri dira liburuan. Orioko kasuan, Muniota, Benta eta Lusarbeko makina bat istorio eta kontu azaltzen dira Igeldoko liburuan; baita Igeldoko apaiz izandako Fabian Loidi zenarenak ere.

Orioko hiru baserriei buruzko informatzaileak hauek izan dituzte: Lusarbe Erdiko Maria Pilar Saizar, Lusarbe Handiko Juanita Eizagirre, Muniota Berriko Jose Ramon Arruti, Muniota Zaharreko Pello eta Luis Mari Lertxundi, eta Orioko Bentako Mari Jose Sansebastian. Iñaki Iturain aritu da lanean liburuaren idazketa lantaldean. Liburua salgai dago inguruko liburu-dendetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!