San Pedro jaiak

Musikak eta dantzak hartu dituzte kaleak Arrantzale Egunean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko uzt. 1a, 14:53

200 lagun inguruk parte hartu dute Arrantzale Eguneko ekitaldietan. Bertan izan dira dantzariak, Salatxo abesbatzako kideak, musikariak, sardinerak, karroa zeramaten arrantzaleak eta Pello eta Nikolasa erraldoiak, besteak beste.

Gaur Arrantzale Eguna da Orion, eta goizean goizetik giro berezia nabari zen herrian. Hainbat txoko arrantzale munduko elementuekin apainduta argitu dira, eta oriotar asko arrantzalez jantzita atera dira kalera. 11:30ean eman zaio hasiera festari, kultur etxe aurretik atera den kalejirarekin. Bertan izan dira dantzariak, Salatxo abesbatzako kideak, musikariak, sardinerak, karroa zeramaten arrantzaleak eta Pello eta Nikolasa erraldoiak, besteak beste. Kalejirak herrigunea zeharkatu du, kaleak musikaz eta dantzaz betez. Guztira, 2o0 lagun inguruk parte hartu dute.

Plazan, Arrantzale Eguneko emanaldi nagusia egin dute. Hasierako dantza saioaren ondoren, dantzariak portura abiatu dira eta bidea ireki diete bertan ziren herriko arrantzaleei. Izan ere, Arrantzale Egunarekin herriko arrantzaleak omendu nahi izan dituzte antolatzaileek, eta udaletxe aurrean agurra dantzatu diete. Jarraian Eneko Dorronsorok Kaxarranka dantzatu du herritarren txalo zaparrada eta animo oihuen artean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!