Orio Orialki emakumeen taldea laugarrena izan da Coruñan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko uzt. 2a, 12:21

Orio Orialki nesken taldea Coruñan estropadaren aurretik. (Orio Arraunketa Elkartea)

Orio Orialkik bigarren txandan egin du arraunean, eta bere txanda irabaztea lortu badu ere, ezin izan du hobetu lehen txandan Arraun Lagunak taldeak, Tolosaldeak eta Donostiarrak egindako denbora.

Atzo hastekoak ziren Euskotren eta Eusko Label liga, baina itsasoaren baldintzak zirela-eta bertan behera geratu zen jardunaldia, arraunlarien segurtasunari lehentasuna emanda. Gaur hondoko itsasoak eta ur-azalean haize olatuak ziren Coruñako uretan, eta kanpoaldean oso itsaso zikina zegoela nabarmendu dute arraunlariek. Itsasoaren baldintzak nahiko zailak baziren ere, jokatu da estropada eta Arraun Lagunak nagusitu da, 11:58,08 denbora eginda. Orio Orialkik bigarren txandan egin du arraunean, eta bere estropada irabaztea lortu badu ere, ezin izan du hobetu lehen txandan Arraun Lagunak taldeak, Tolosaldeak eta Donostiarrak egindako denbora. Hala, Orio laugarren postuan sailkatu da 12:03:98 denborarekin. 

Gaurkoan estreinatu da Euskotren liga bi txandetara, eta taldeek jakin bazekiten huts eginez gero, puntu asko gal zitzaketela sailkapen nagusiari begira. Lehen lau postuetan sailkatu diren taldeak bost segundoren bueltan sartu dira helmugan, eta argi ikusi da denboraldian zehar lehia estua izango dela horien artean. Oriotarrek, gainera, erakutsi dute GPSaren arabera atzetik joan arren, azkenera arte borroka egingo dutela banderak lortzeko lehian.